2020ko martxoaren 20a «inflexio puntu bat» izan daiteke, Martxoak 3 elkarteak gaur goizean Gasteizen esan duenaren arabera. Izan ere, egun horretan Martin Villa Espainiako ministro ohiak Argentinaren Madrilgo enbaxadara joan beharko du; besteak beste, Gasteizko 1976ko martxoaren 3an gertatutakoagatik inputatu gisa deklaratzera. Maria Servini epaile argentinarrak galdekatu du, biktimek Argentinan jarritako kereilaren harira. Espainiako Gobernua urtarrilean deklarazioaren aurka agertu bazen ere, aurrera jarraitzea erabaki du Servinik. Gizateriaren aurkako krimenak egotzi dizkiote Martin Villari Martxoaren 3ko gertaerengatik. Baina, horiez gain, 1977ko amnistiaren aldeko astearekin lotutako krimenak eta bestelako batzuk ere leporatzen dizkiote, Argentinako kereilaren barruan.
Asteartean 44 urte beteko dira Espainiako Polizia Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko elizatik greban zeuden 4.000 langile indarrez atera, haietako bost hil eta 150 baino gehiago zauritu zituela. Martxoak 3 elkarteak esan du Villaren deklarazioarekin biktimek eta senideek «argia» ikus dezaketela azkenean, justizia lortzeko bide «zailean». «Hala ere, azken orduko maniobrek egoera hori desbideratu dezakete, eta egun gutxira, oraindik ere babesgabetasun eta ziurgabetasun izugarria dago».
Era berean, Espainiako erakundeek «inpunitatea amaitzeko borondate falta» dutela salatu dute. «PSOE-Unidas Podemos gobernua PPren ildo berari jarraitzen ari zaio». Hori dela eta, Espainiari «zigorgabetasuna» egotzi diote: «Ez dakigu ez duten nahi, ezin duten edo ez diren ausartzen haustera». Demokrazia lortze aldera, egoera aldatzeko eskatu dute, biktima guztientzako justiziarik gabe demokraziarik ez dela egongo iritzita.
Ezkorrak dira Zaramaga auzoko San Frantzisko elizaren proiektuarekin ere. Izan ere, Martxoak 3 taldeak euskal erakundeen «mugimendu falta kezkagarria» ikusten du. «1976ko langileen sarraski tokia Memoriaren eta Giza Eskubideen gune bihurtzeko proiektuari buruz ari gara», zehaztu dute. Azaldu dutenez, Memoria Gara elkarteak proiektua gauzatzeko «babes ugari» jaso dituen arren, oraindik ez dago hitzetatik ekintzetara pasatuko direla ziurtatzen duen gertakari zehatzik. Martxoak 3 elkartearen hitzetan, gotzaintzarekiko «ezinbesteko akordioa» falta da.
Urteurrenean, mobilizatzera
Martxoaren 3a gerturatzen ari dela eta, mobilizatzeko deia egin du elkarteak. Hainbat ekintzaren bidez, gogoan izango dituzte bai Gasteizen eraildakoak, hau da, Pedro Maria Martinez Ocio, Romualdo Barroso, Francisco Aznar, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda, bai hurrengo egunetan Basauriko (Bizkaia) eta Tarragonako (Herrialde Katalanak) elkartasun manifestazioen aurkako poliziaren errepresioaren biktimak izandakoak: Juan Gabriel Rodrigo eta Vicente Anton Ferrero.
Horretarako, bi eguneko egitaraua prestatu dute. Martxoaren 2an, 17:00etan, erakusketa bat egingo dute Zaramagako zahar etxean, jendeak 1976ko martxoaren 3an jaso zituen gauzekin; 20:30ean, A Tempo abesbatzak kontzertua emango du Montehermoson. Martxoaren 3a bete-betea izango da: 12:00etan, EH Bilduk ekitaldia egingo du biktimen omenezko monolitoan; 17:45ean, A Tempo abesbatzak emanaldi bat eskainiko du San Frantzisko elizan; 18:30ean, omenaldia egingo diete monolitoan; eta 19:00etan, manifestazioa egingo dute Andre Maria Zuriaren plazara.
Martxoak 3 elkarteak argi du oraindik badaudela arrazoiak «eskubideen defentsan eta askatasunaren alde» mobilizatzen jarraitzeko. «Hori da jada hemen ez daudenei egin diezaiekegun omenaldirik onena, haien borrokan jarraitzea».