Miren Aranguren. Bilgune Feministako koordinatzailea

«Instituzioak diskurtso feministak lapurtzen saiatu dira, diluitzeko asmoarekin»

Erakundeetan mugimendu feministak izan behar duen partaidetzaz mintegia egin du Bilgune Feministak; subjektu politiko gisara jardutearen garrantziaz aritu direla azaldu du Miren Arangurenek.

arantxa iraola
2011ko otsailaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren sasoian jaioa dela aditu du behin baino gehiagotan Miren Arangurenek (Iruñea, 1981). Ez du bere egiten ideia hori. «Sistema patriarkal eta kapitalista» gailenduta ikusten ditu egun nagusi den gizarte ereduaren muinean, eta, ondorioz, emakumeak ustezko berdintasun horretatik aski urrun ikusten ditu oraindik. Egoera horrek bultzatuta dafeminista, eragilea, Bilgune Feministako kidea. «Eraldatzeko». Atzo, mintegi bat antolatu zuten Bilbon feminismoak erakunde publikoetan izan behar duen partaidetzaren gainean hausnarrean jarduteko. Ehun emakume inguru elkartu ziren. «Mugimendu feministako kideak, alderdi politikoetako ordezkariak, unibertsitateko irakasle eta katedradunak, teknikariak...». Bertan hizpide izan zituzten gaien berri eman du Arangurenek.

Erakundeetan parte hartu edo ez parte hartu. Hori da auzia?

Bilgune Feminista gisara badakigu gaur egungo erakunde publikoetatik ez dela etorriko guk nahi dugun aldaketa, baina parte hartu beharra ikusten dugu. Kalean egiten den borroka lehenesten dugu, baina instituzioak ere borroka feministaren beste eremu bat dira, patriarkatua auzitan jartzeko beste eremu bat diren neurrian.

Eta nola parte hartu?

Zenbait kasutan, parte-hartze zuzena izango da egokia, eta, beste zenbaitetan, kanpotik eragin beharko da. Kontua da argitzea zein baldintzatan garatuko dugun borroka feminista hori.

Izan ere, patriarkatua bera indartsu ikusten duzue erakundeetan...

Bai, nolabaiteko ilusio bat sortu dute, sinetsarazi nahi duena aldaketak instituzioetatik etorriko direla. Horregatik, gure ustez, borroka feministak helburu gisara hartu behar du erakustea instituzioak interes ekonomikoen mende daudela, sistema patriarkalaren pean, eta, hain justu, sistema horixe mantentzea dutela helburu. Hori azaleratzea da helburua.

Beraz, parte-hartze baldintzatuaz ari gara...

Instituzioak borrokatzeko espazioa izan daitezke, baina baldintza jakin batzuen pean. Egoera asko aldatzen da instituzioz instituzio, kudeatzen dituenaren arabera. Bultzatu nahi dugun norabidean, emakumeak subjektu politiko bihurtzeko ahalegina egin behar da, eta haien bizi baldintzak hobetzeko neurriak hartu behar dira.

Eta horretarako borondaterik ez duzue ikusten erakunde publikoetan? Ez al dute mugimendu feminista aintzat hartzen?

Egun instituzioak diskurtso feministak lapurtzen saiatu dira, diluitzeko asmoarekin. Ildo horretan, mugimendu feministaren aitortza eskatzen dugu. Zenbait erakundetatik deitu ere ez digute egiten, albo batera lagatzen gaituzte. Eta guk emakumeen interesen eta beharren bozgorailu izan nahi dugu, 35 urte inguru daramatzagu borrokan eta, eta hori aintzat hartzea nahi dugu. Emakumeak gure aldaketaren eragile izatea da gure helburua.

Eta tankera horretako partaidetza aktiboaren aldeko proposamenak hizpide izan dituzue mintegian, beraz?

Bai, argi geratu da emakumeen parte-hartzea instituzio publiko guztietara zabaldu behar dela eta erabakitzeko eskumena izan behar duela, baldintza finko batzuetan. Iraunkorra izan behar du horrek, ez da posible alderdi politiko baten agintepean hainbat erabaki bultzatu eta, gero, beste alderdi bat etorri eta aldaketa horiek albora uztea. Mintegian asko nabarmendu da, halaber, emakumeak elkartzeko espazio fisikoen garrantzia. Bide batez, agerian geratu da egiten diren politiken diseinuan, jarraipenean eta balorazioan parte hartu behar dugula eta aurrekontu egokiak behar direla horretarako. Mugimendu feminista, teknikari, hautetsi... Eragile ezberdinen artean aliantzak sustatu beharra ere azaldu da mintegian, eta mugimenduaren nolabaiteko bide orria markatu beharra ere aintzakotzat hartu da.

Erakundeek, egun generoen arteko berdintasunaren izenean ere ari diren horiek, maiz mugimendu feministarekin itsuski jokatzen dutela diozu. Zer portaera klaseri buruz ari zara?

Martxoaren 8an gertatzen da, esate baterako. Bat-batean zenbait instituziok inguruan duten dena zapaltzeko moduko egitarauak antolatzen dituzte. Leku askotan udalek, adibidez, hainbat ekitaldi klase antolatzen dituzte data horren inguruan, baina mugimendu feministari dirurik eman ere ez diote egiten.

Berdintasun faltsuaren ideiak biziki kezkatzen zaituzte.

Gazteoi askotan saldu digute ideia hori, hobetzeko kontu txiki batzuk baino ez direla geratzen esan digute. Horregatik, garrantzitsua da jendartean estrategikoak izan daitezkeen espazioetan kontzientzia feminista garatzen jarraitzea.

Legeak instituzioetatik egiten dira. Berdintasuna sustatzeko,familia eta lana bateratzen laguntzeko, genero indarkeria saihesteko. Nola baloratu behar dira?

Legeek egon behar dute herritarren mesedetan. Askotan lege bat onartzen da, baina gero ez da aski kontrol mekanismorik egoten horren gainean. Beraz, kontua da lege horiek nolakoak diren eta horiek betetzeko konpromisoa eta aurrekontuak zer-nolakoak diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.