Interesen oreka helburu

Irizpide teknikoetatik abiatuta geltoki intermodal bat non eta nola eraiki behar den azaldu du Donostian Francesc Robuste katedradunak.

Francesc Robuste, Donostian emandako hitzaldian. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
jon olano
Donostia
2012ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Garraio bat justifikagarria izan dadin, gutxieneko eskaera bat izan behar du, kostua zentzuz egin dadin». Francesc Robusteren baieztapena da, Donostian iragan ostiralean emandako hitzaldi batekoa. Hain zuzen, Robustek defendatu zuen «eskaeraren arabera» kudeatu behar direla mugikortasun beharrak, ez alderantziz; alegia, ez da «nonahi eta nolanahi» eskaini behar, eta, horren arabera, eskaintza sortu.

Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko katedraduna eta CENIT Garraio Berrikuntza Zentroko zuzendaria da Robuste, eta mugikortasunaz eta intermodalitateaz gogoeta egin zuen Donostian, Riberas de Libro de Texto plataformak antolatutako jardunaldietan. Hasiera-hasieratik argitu zuen ez ziola erreferentzia egingo hiri zehatz bateko mugikortasun ereduari, baina haren irakaspenak eta adibideak baliagarriak izan daitezke lau hiriburuetan geltokien inguruan dagoen eztabaidari irtenbidea emateko.

Azaldu zuenez, hirien tamainak garrantzia du geltoki baten kokapena erabakitzeko unean. Irizpide horri erreparatuta erabaki behar da, adibidez, AHTa hiri kanpoaldean geratzea edo erdigunera eramatea: «Hiri handietan AHTa hiri erdiguneraino sartu behar duzu; beste txikiago batzuetan, aldiz, hobe da kanpoaldean egitea». Bi interesen arteko oreka lortu behar da, katedradunaren hitzetan; herritarren hiri barnean ibiltzeko erraztasuna eta autobusen abiadura: «Erdigunean kokatutako geltoki batek noranahi iristeko erraztasuna lehenesten du, baina autobusek geltokira iristen galduko duten denboraren kontura». Irizpide horiek aintzat hartu behar ditu administrazioak, Robusteren esanetan. Izan ere, arrazoi horiengatik herritarrek ez badute garraio publikoa erabiltzen, garraio azpiegiturek eta zerbitzuek ez dute errentagarritasun sozialik ezta ekonomikorik izango.

Orobat, hiri bat zein norabidetan haz daitekeen ere aintzat hartu behar da, geltoki bat luzera iraunkorra izan dadin eta «berehala» zaharkitua gera ez dadin: «Litekeena da orain erdigunea dena hogei urte barru ez izatea eta, beraz, orain geltoki bat kokatzeko leku onena dena bost urte barru ez izatea». Hirien «grabitate zentroa» zein den aztertu behar da aurrena, Robusteren ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.