Internazionalismoa, jende apalen ahotsa

Legez kanporatzearen ezpata gainean izanik ere, 2016ko brigadak prestatzeari ekin dio Askapenak. Iaz aritutakoek beharrezkotzat dute esperientzia hori bizitzea, kanpoko borrokei «sentimendua» jartzeko.

Euskal Herritik Kurdistanera joandako brigadistak, Turkiaren menpeko Kurdistanen, iazko uztailean. BERRIA.
Hodei Iruretagoiena.
2016ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Internazionalismoak umila izan behar du. Azken batean, egoismoaren kontrako sentimendu bat da. Uste dut gure herrian ere badugula beharra hori barneratzeko. Euskal Herria txikia da, eta mundua, zabala. Milaka pertsona umil dabiltza egunero borrokan. Haien ahotsa zabaltzea munduan zehar, haiek gurea zabaltzen duten bezala, behar-beharrezkoa da». Garrantzitsua da Irantzu Pastorrentzat (Lesaka, Nafarroa, 1985) internazionalismoa, eta Askapenak antolatutako brigadetan parte hartzeak eman dio horretan sakontzeko aukera bat. Berak bezala, milaka lagunek hartu dute parte halako bidaietan azken hiru hamarkadetan. Aurten ere martxan da brigadak aurrera ateratzeko kanpaina, «truke militante» hori gauzatu eta «herrien arteko samurtasuna gertutik sentitzeko» aukera emateko.

Duela bi aste aurkeztu zuten Askapenako kideek 2016ko kanpaina, Donostian egindako agerraldian. Aurtengoak «balio politiko erantsia» duela nabarmendu zuten, Espainiako Auzitegi Nazionalaren ezpata baitute gainean. Erakunde internazionalistako bost kide epaitu zituzten joan den urrian Madrilen, eta haien aurkako seina urteko kartzelaz gain, Askapena legez kanporatzeko eskatua du fiskaltzak. Erabakiaren zain daude orain, baina erabakia dute zain ez geratzea. «Hain bidezko eta beharrezko den lan internazionalistaren premia berresten dugu», esan zuten.

Dagoeneko zabaldu dute brigadetan izena emateko epea. Martxoaren 31ra arteko tartea utziko dute, eta [email protected] helbidea jarri dute eskuragarri. Zalantzak argitzeko ere idatz liteke bertara.

Hamaika helmuga

Aurten ere, brigadistataldeak antolatu eta Euskal Herriaren ahotsa eramango dute Europako herrialdeetara, Latinoamerikara, Saharara, Palestinara... Herrialde Katalanak, Sardinia, Andaluzia eta Grezia dituzte jomugan Europan; Venezuelako kontzeju komunalak, Argentinako lantegi okupatuak, Brasilgo MST Lurrik Gabekoen Mugimendua, Mexiko eta Bolivia, berriz, ozeanoaren beste aldean. Aurreko urteetan Kurdistanera ere egin dituzte brigadak, baina aurten bertan behera utzi dute, gerragatik.

Iazko udan izan zen han Pastor, Turkiaren menpeko Kurdistanen. Aurrez, besteak beste, Kolonbian, Guatemalan eta Palestinan izana da, beste erakunde batzuekin. «Behar-beharrezkotzat» du brigadetan egiten den lana: «Esperientziak beti gainditzen du etxetik irakurtzen dena». Internazionalista «jakiteko grina duen pertsona bat» dela dio, «beste herrialdeetako prozesuak, pertsonak eta historia jakiteko grina duena, eta haiekin emozionatzen dena». «Aurpegia, izen-abizenak eta sentimendua jartzen duzularik hor, beste modu batean bizitzen duzu, eta horrek ekartzen du beste modu batean inplikatzea herrialde horietako borrokak gure herrian ikusarazten».

June Etxeberria Muruzabalek (Txantrea, Iruñea, 1996) lehenengo aldiz ezagutu du «sentimendu» hori. Aurrez ez zekien askorik brigaden inguruan, eta asko ikasi du Herrialde Katalanetara egindako bidaian. Hemen jasotzen den informazioa eta bertatik bertara ikusitakoa ezberdina dela nabarmendu du. «Euskal Herria, munduko beste herrialde asko bezala, herri zapaldua da. Etsai bera daukagu: inperialismoa. Gu ari gara borrokatzen hemen, baina eredu batzuen barruan ari gara, eta batzuetan ez gara konturatzen blokeatzen garela, eta harago ere badagoela zerbait». Iritzi bera du Pastorrek ere: «Kapitalismoa eta sistema patriarkala globalizatuta daude; beraz, guk ere borroka globalizatzeko beharradaukagu».

Bertatik ikusteko

Manex Gurrutxaga (Ibarra, Gipuzkoa, 1996) ere lehen aldiz joan zen brigada batekin, iazko abuztuan. «Jakin-mina neukan Venezuelan zer gertatzen ari zen, zer-nolako seta duten komunikabideek gauza txarrak kontatzeko. Nire begiekin ikusi nahi nuen zer ari zen gertatzen, eta aukera ezin hobea iruditu zitzaidan». Hango egoera ezagutu eta Euskal Herrikoaren berri ematen aritu ziren. Hamaika eragilerekin egoteko aukera izan zuten horretarako: «Oso garrantzitsua da hori. Ikusi besterik ez dago gaur [atzo] gertatu dena: nola Espainiako Estatuak lagundu dion Turkiakoari, PKKren ustezko hainbat laguntzaile atxilotuz. Horren aurrean, internazionalismoa behar dugu. Ez gara inoiz aske izango herri eta pertsonaguztiak askatu arte».

Gizakiak idealizatzeko joera duela aipatu du Pastorrek. «Batez ere, ezkertiarrok». Hori gertatu izan dela Latinoamerikarekin, eta halako zerbait gertatzen dela gaur egun Kurdistanekin ere. Batezere, EI Estatu Islamikoaren aurkako borrokan ari direnetik. Pastor: «Baina egia da: hango mugimendua hagitz freskoa da, berria, prestakuntza politiko handikoa, eta ilusioz ari dira», esan du, borrokan aspalditik ari direla oroitarazi ondoren. Kurduen aurkako «sarraskia» handia dela dio —han zirenean gertatu zen, esaterako, Suruç hiriko atentatua: 30 lagun hil zituzten—, baina, hala ere, «alternatiba ezkertiar eta berritzaile» asko ari direla sortzen.

«Herriak egin behar du»

Herrialde Katalanetan, lurraldetasunaren auzia izan zen, besteak beste, Etxeberria Muruzabal harritu zuten gauzetako bat. «Valentziara joan ginenean, han sentitzen zuten prozesutik at zeudela. Galdetu ziguten nola ari ginen hori bizitzen, eta ohartu ginen valentziarren inguruan ez genekiela ia ezer». Gerora ere erreparatu dio prozesu subiranistaren martxari, eta bi bideren elkarrizketa dela azaldu du: «Batetik, independentzia lortu nahi dute, nahitaez, eta, bestetik, eraldaketa soziala». Euskal Herriak eta Herrialde Katalanek elkarri emateko dutena nabarmendu du: «Brigadak ez dira bakarrik herrialde urrunetara joateko. Estatu berak zapaltzen gaitu, eta asko daukagu elkarrengandik ikasteko».

«Beste mundu bat» ezagutu du Gurrutxagak Venezuelan, iraultza bolivartarrarekin: «Beste kultura bat, militatzeko beste modu bat, beste pentsaera bat». Eta mirestekoa iruditu zaio, batez ere, han ikusitako «konbentzimendua» eta herri mugimenduaren indarra. «Oso kontzientziatuta daude gauzak behetik egin behar direla. Herriak egin behar duela, edo ez duela inork egingo».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.