Iruzurrak, mehatxuak eta indarkeria erabiliz ordenagailu bidez adingabeei jazartzea egotzita, Bizkaiko 21 urteko gizon bat kartzelan sartu dute. Adingabeak «galbideratzea» leporatu diote.Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak aditzera eman duenez, engainu eta mehatxu bidez ordenagailuko kameraren aurrean biluztera bultzatzen zituen adingabeak, eta ondoren grabatu egiten zituen.
Gernikako (Bizkaia) ertzain etxeko ertzainek eraman dute aurrera ikerketa. 2009an abiatu zuten. Tuenti sare sozialaren bidez ezagutu zuen pertsona batek mehatxatu egin zuela azalduz joan zitzaien adingabe bat. Hasiera batean, beldurrak jota, mehatxatzen zuen pertsonaren aginduak bete egin zituela esplikatu zuen, baina haren jarrera gero eta gordinagoa zela ikusirik azkenean familiari gertatzen ari zenaren berri eman ziola. Orduan erabaki zuen haren kontrako salaketa jartzea.
Salaketa horren ondoren, antzeko beste 44 kasuren berri izan zuten ertzainek. Asko Euskal Herritik kanpo jarritako salaketak ziren, baina funtsean, antzekoak; sare sozialetako erabiltzaileen nortasunak usurpatu, eta jazarri egiten zitzaien adingabeei. Tartean, adin nagusiko emakumeak ere behartu zituen ordenagailu aurrean biluztera. Apurka-apurka argitu zuten ertzainek nor zen ustez mehatxuka ziharduen pertsona hori; 21 urteko gizon gazte bat identifikatu zuten, Bizkaiko herri batean bizi dena.
Hain justu, iazko irailaren 24an atxilotu zuten, baina ordutik sekretupean egon da auziaren gaineko sumarioa. Hilabete hauetan etxeko ordenagailuan aurkitu zioten materiala aztertzen aritu dira ertzainak, eta ustez haren biktima izan ziren hainbat emakumeren testigantzak ere bildu dituzte. Informazio guztia eskura izan ostean erabaki du epaileak auzipetuaren behin-behineko espetxeratzea. Salaketarik jarri ez duten biktimak egon daitezkeen susmoa du Herrizaingo Sailak, eta antzeko egoeretan aurkitu diren pertsonei salaketa jartzeko deia egin diete.
Genero indarkeria
Bilbon, bestalde, 34 urteko gizon bat atxilotu zuten astelehen arratsaldean udaltzainek, genero indarkeria leporatuta. Urruntze agindua hautsi eta bikotekide ohiari tratu txarrak ematea leporatzen diote. Lekuko baten bidez izan zuten udaltzainek erasoaren berri; gizon bat emakume bati oldartu zitzaiola azaldu zuen, eta jo ere egin zuela.
Erasoaren ostean, emakumea denda batean sartu zen, eta gizona, berriz, taberna batean. Udaltzainak hurbildu zitzaizkionean, emakumeak hasieran ez zueninolako azalpenik eman nahi izan, baina aurrerago onartu zuen erasoa. Bilboko Udaleko iturriek aditzera eman dute emakumearengatik 200 metrora hurbiltzeko debekua ezarria zuela ustezko erasotzaileak. Lau hilerako jarri zioten debekua.
Internet bidez gaztetxoei jazartzea egotzita, gizon bat espetxeratu dute
2009an hasitako ikerketa baten emaitza izan da kartzelatzea; adingabeak biluztera behartzen zituen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu