Elebideren jardunak goraldi nabarmena izan zuen 2015ean, kanpaina baten ondorioz: ehunka kexu jarri zituzten herritarrek Osakidetzaren aurka, hizkuntza eskubideak urratzen dituela argudiatuta. Iaz ere izan ziren era horretako kanpaina batzuk, baina askoz oihartzun txikiagoa izan zuten. Elebidek iazko jardunaren txostena aurkeztu du, eta datuen gorabeheretan bistakoa da kanpaina horien eragina. 576 intzidentzia jaso zituen iaz Elebidek; 2015eko salbuespena alde batera utzita — 789 jaso zituen—, aurreko urteetan baino kopuru handiagoa da. “Modu egonkorrean” ari dira igotzen intzidentziak.
Kexak izan dira gehienak, %83. Eta horietatik gehienak, arlo publikoari dagozkionak. Eta horietatik gehienak, Osakidetzari. 208 kexu jaso dituzte Osakidetzako zerbitzuaren harira: idatzizko jakinarazpenak erdaraz bidali dizkietela, ez dutela sendagile euskaldunik, lehenetsitako hizkuntza gisa gaztelania jarri nahi dietela... Horrelakoak izan dira salaketak. Horietako batzuk taldean egin dituzte, kanpaina baten barruan, baina banakako salaketak ere gora doaz etengabe. Osakidetzak emandako erantzunak ere ageri dira txostenean; besteak beste, mediku euskaldunei dagokienez, azaldu du eragozpenak dauzkala sendagile euskaldunak topatzeko. Udan izan ohi dituzte gorabehera gehienak, oporraldiak ordezkatzean.
Iazko jardunean bada beste gorakada bat: erdaldun gehiagok jarri dituzte salaketak. Zortzi izan dira denera: bost, esparru publikoarekin lotutakoak, eta hiru, arlo pribatukoak. Salaketa guztien %2 dira erdaldunenak. Beste datu bat: erdaldunek esparru publikoari buruz egindako bost salaketetatik hiru bertan behera utzi dituzte, ikusi dutelako ez zietela eskubiderik urratu.