Koronabirusa

Intzidentzia tasa jaitsi dela esan du Sagarduik, baina «zuhurtzia» eskatu du

Osasun sailburuak adierazi du Osakidetza «beharrezkoak diren proba guztiak» egiten ari dela. Ospitaleratzeen datuek, berriz, gora egin dute

Sagardui, duela egun batzuk egindako agerraldian. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
jone arruabarrena
2022ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Atzoko Gobernu Kontseiluaren ondoren egin zuen agerraldia Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, eta, azaldu zuenez, koronabirusaren intzidentzia tasa metatua jaisten ari den arren egoera «txarra» da oraindik, eta «zuhurtziarako» deia egin zuen. Adierazi zuenez, 15.365 proba diagnostiko egin ziren astelehenean; horietatik 5.502k positibo eman zuten. Osasunbideak eman dituen datuei begiratzen badiegu, berriz, Nafarroan 5.053 proba egin zituzten, eta horietatik 2.251 izan ziren positibo.

«Azken zazpi egunetako intzidentzia tasa metatua behera doa, baina zuhurtziaz jokatu behar dugu». Horrela laburbildu zuen Sagarduik koronabirusaren hedapenak eragindako egoera.

Datuen joera

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak protokolo berriak martxan jarri zituztenetik, askoz ere proba gutxiago egiten dira, eta, ondorioz, gobernuek azaleratzen duten positibo kopurua ere apaltzen ari da. Alderatzeko: Osakidetzak 22.804 proba diagnostiko egin ditu asteburu honetan, eta halako bi egin zituen joan den asteburuan (41.900).

Hala ere, Sagarduik adierazi du Osakidetzak «beharrezkoak diren proba guztiak» egiten dituela: «15.000 proba baino gehiago egin genituen atzo, eta ezin da esan hori gutxi denik». Gehitu du azken hamar egunetan Osakidetzak 22.000 proba egin dituela batez beste, eta ez dagoela oztoporik proba bat egin nahi dutenentzat: «Orain garrantzitsuena emaitzak azkar jakitea da». Antigeno testen erabilera hobetsi du sailburuak, eta PCR probak «zaurgarrienentzat» direla adierazi du.

Horrez gain, atzo azaldu zuen astelehenean 717 pertsona zeudela ospitaleetan koronabirusarekin; horietatik 131, ZIUetan. Osasunbidean, berriz, 239 pertsona zeuden erietxeratuta astelehenean, eta horietatik 39 zeuden ZIUetan. Sagarduiren arabera, osasun sistemak «tentsio handia» du oraindik, eta, beste behin, «zuhurtzia» eskatu du. Izan ere, nahiz eta proba diagnostikoei soilik begiratuz gero zifra nabarmen jaitsi den duela hilabeteko kopuruarekin alderatuta, ospitaleetako datuek egoeraren bestelako ikuspegi bat ematen dute. Esaterako, Osakidetzako ospitaleetan 469 pertsona zeuden urtarrilaren 1ean, eta horietatik 122 ZIUetan. Osasunbideari dagokionez, 134 ziren ospitaleratuak; horietatik 26 zeuden ZIUetan. Geroztik, ospitaleetako eta ZIUetako gaixo kopuruak gora egin du etengabe.

Neurrien eragina

«Urtarrilaren 11tik intzidentzia txikituz joan da, astiro bada ere». Hortxe Sagarduiri nabarmentzeko erakoa iruditzen zaion datua. Osasun sailburuaren arabera, jaitsiera hori hiru faktoreren eraginez gertatu da, eta ez proba gutxiago egin direlako bakarrik: jendearen arteko kontaktua murriztu delako, Osakidetzako protokoloak egokitu direlako, eta, bestetik, «nabaria» delako neurri berriak ezarri zirenetik bi aste pasatu direla eta eragina izan dutela eboluzioan.

Sailburuak gehitu du Osakidetzaren webgunea eguneratu egin dutela, eta hartan aurki daitezkeela orain koronabirusari lotutako askotariko egoeretan jarduteko argibideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.