Birusa hanpatua da. Azken astean nabarmen larriagotu da haren transmisioa Euskal Herrian, eta oraintxe bertan intzidentzia tasa metatua 400eko langatik goitikoa da Gipuzkoan eta Bilbon. Gaur-gaurkoz, eremu gorrian diren udalerri eta lurraldeen artean sartu dira, beraz. Zehazki, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako azken datuen arabera, Gipuzkoan 100.000 biztanleko 413 laguni atzeman diete COVID-19a azken hamalau egunetan. Bilbon, berriz, 403 da hamalau eguneko intzidentzia tasa metatua.
Jaurlaritzak asteleheneko datuak aintzat hartuta berrikusiko du eremu gorriko udalerrien zerrenda, eta asteazkenean sartuko dira indarrean neurri berriak, 400en tasa gaindituko duten herrietan. Gipuzkoa eta Bilbo eremu gorrian izanez gero, itxiera perimetrala ezarriko da horietan, eta murriztu eginen dira ostalaritzaren ordutegiak. Herenegundik, muga horiek indarrean dira Gasteizen eta Araban, besteak beste.
Beste 30 heriotza
Gaitzaren transmisioari buruzko informazioa ematen duten adierazleetan ez bezala, beheranzko joera nabaritzen ari da heriotzei buruzko datuetan. Azken astean 30 pertsona hil dira gaitzak jota Hego Euskal Herrian; hau da, martxoaren 29tik apirilaren 4ra bitartean. Zehazki, 29 hildako Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoak dira. Nafarroan, berriz, heriotza bakarra izan da egun horietan. Guztira, pandemia hasi zenetik, 5.199 gaixo hil dira COVID-19aren eraginez Euskal Herrian.
Heriotzen kopurua jaitsi egin da azkeneko hilabetean, halere; abenduan, urtarrilean eta otsailean 400 eta 500 gaixo artean hil ziren hilabetero. Martxoan, berriz, erdiak baino gutxiago: 182.
Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera, atzo 13.449 test egin ziren Hegoaldean, eta 1.010 kasu positibo zenbatu zituzten guztira. Otsailaren 6tik aitzina erregistratu den daturik makurrena da hori. Kutsatzeen goraldia gero eta agerikoagoa ari da bihurtzen, eta positiboen ehunekoan ere bistakoa da birusa hanpaturik dabilela: asteazkeneko proben %7,5ek eman dute positibo. OME Osasunaren Mundu Erakundeak %5ean du ezarria izurritea kontrolpean edukitzeko gehienezko muga, erreferentzia gisa.
Zehazki, kutsatuen datuak lurraldeka aztertuta, Bizkaian atzeman dute positibo gehien, beste behin. Osakidetzak 373 kasu zenbatu ditu herrialde horretan. Gipuzkoa du atzetik: 296 positibo izan dira han. Aldiz, Nafarroan 222 kutsatu detektatu dituzte, eta Araban, berriz, 113.
Gipuzkoan okerren
Gipuzkoak du, egun, intzidentzia tasarik handiena eta hazkunderik biziena: 100.000 biztanleko 413 kutsatu dira azkeneko hamalau egunetan. Araban, moteldu egin da transmisioa azkeneko egunetan —martxoaren 6tik gaur arte, herrialde horrek izan du tasa okerrena—, baina 408ko tasa du oraindik. Nafarroan, 365ekoa da; eta Bizkaiak du txikiena orain: 318.
Ospitaleen egoerari dagokionez, Hegoaldeko osasun agintariek jakinarazi dutenez, atzo 78 gaixo sartu zituzten erietxean COVID-19aren sintomak larriagoturik. Horiek aintzat haturik, oraintxe bertan 637 lagun daude ospitaleetan gaitz horrengatik. Otsailaren 19tik izandako kopururik handiena da hori. Zehazki, erietxeraturik direnetako 505 gela arruntetan daude, eta 132, ZIUetan, zainketa intentsiboetako unitateetan. Horietan, 101 eri zeuden martxoaren 30ean: bederatzi egun geroago, 31 gehiago daude orain.