Ion Kepa Paroti berriz ukatu diote baldintzapean aske gelditzea

Baionako Abokatuen Elkargoak eta Seaskak bat egin dute Herrira-k antolatutako manifestazioarekin

Ion Kepa Parot berehala aske utz dezatela exijitzeko elkarretaratzea, atzo, Baionan. GAIZKA IROZ / ARGAZKI PRESS.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Ion Kepa Paroti hirugarren aldiz ukatu diote baldintzapean libre gelditzea. 2011ko udan onarturiko eta 2012ko urtarrilaz geroz aplikatzen den lege batean oinarriturik, epaileak ondorioztatu du ez dituela betetzen baldintzapean aske izateko baldintzak.Epaia «onartezina» dela dio Emilie Martin Herrira-ko ordezkariak, jakinik Parotek eskaera 2011ko irailean egin zuela, hots, oinarrian harturiko legea aplikatzen hasi aitzin. Paroten helegitea ekainean aztertu zuten, eta atzo jakinarazi zuen epaileak erabakia.

Bake prozesuaren testuingurua kontuan harturik, «jazarpen» hori ezin onartuzkotzat jo du Martinek. Euskal preso politikoen egoerari begira, «urratsak egiteko» eskatu die Herrira-k Frantziako eta Espainiako estatuei. Besteak beste, bizi guztiko zigorren bukaera. Hala, 30 lagun elkartu ziren atzo Baionako herriko etxearen aitzinean, Frederic Haranburu Txistor, Jakes Esnal eta Parot berehala aske utz ditzatela exijitzeko.

Azaroak 10eko martxara

Bestalde, Baionako Abokatuen Elkargoak eta Seaskak ere bat egin dute Herrira mugimenduak azaroaren 10erako preso eta iheslarien eskubideen alde antolatutako manifestazioarekin. Giza eskubide guztiak. Euskal presoak Euskal Herrira leloarekin antolatutako manifestazioak babes zabala jaso du dagoeneko.

Abokatuen elkarteak Frantziako Estatuaren espetxe politika salatu du, eta nabarmendu du Giza Eskubideen Hitzarmeneko 8. artikuluari jarraikiz preso guztiek eskubidea dutela beren etxetik gertuen dagoen espetxean betetzeko zigorra. Abokatuek salatu duteurruntze horrek defentsarako eskubidea ere urratzen duela, presoak euren defentsarako izendatutako pertsonengandik urrutiratzen dituztelako. Gaixo dauden presoekin arreta berezia edukitzeko ere eskatu du Abokatuen Elkarteak, eta ohartarazi du kontuan hartu beharko liratekeela «espetxea ez diren beste aukera batzuk». Josu Uribetxeberriaren auziari erreferentzia egin dio komunikabideetara bidalitako oharrean, eta «minbizia duen preso batek berriki pairatu dituen zailtasunak» salatu ditu.

Ekarrizketetarako deia ere egin dute Baionako abokatuen elkargokoek: «Bortizkeriaren amaierak aukera zabaldu behar luke alde ezberdinen artean elkarrizketa abiatzeko, 2011ko urriaren 17an Donostian izandako Nazioarteko Bake Konferentziari segida emanez».

Seaskak ere bat egin du Herrira-k antolatutako manifestazioarekin. «Sortzeaz geroztik izaera laikoa eta apolitikoa gure oreka iturburu izan delarik ere, Seaskak ez dezake ezikusiarena egin bere herritarrek, euskal preso politiko eta senideek pairatzen duten sufrimenduaren aitzinean», dio Seaskak, komunikabideetara igorritako oharrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.