Ione Lozano ustezko etakidea atxilotu dute Frantzian

Indre departamenduko errepide kontrol batean atzeman dute, eta gizonezko batek ihes egitea lortu du

Erredakzioa
2011ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Frantziako Poliziak ustezko etakide Ione Lozano Miranda atxilotu zuen atzo gauean. Frantzia erdialdean dagoen Indre departamenduan ipinitako ohiko errepide kontrol batean atzeman zuten, 03:20 aldera.

Polizia iturrien arabera, Lozano gizonezko batekin zihoan furgoneta batean, eta kontrolera iritsi zenean ETAko kidea dela eta pistola bat zeramala aitortu zuen. Poliziek atxilotu egin zuten, eta ibilgailuan ETAko dokumentazioa zegoela egiaztatu zuten. Berarekin zegoen gizonezkoak, berriz, kontroletik ihes egitea lortu zuen, eta segurtasun indarrak hura bilatzen ari dira.

Lozanok urtebete zeraman ihes eginda, iazko otsailaren 13an guardia zibilek Ibai Beobide Villabonan (Gipuzkoa) atxilotu zutenetik. Imanol, Ezpala eta Algortako taldeak antolatu izana leporatu zioten orduan Beobideri. Lozano talde horiekin lotu du Frantziako Poliziak.

Beobide atxilotu eta hiru egun geroago, Mossos d'Esquadrak Jon Rosales eta Adur Aristegi atzeman zituen Gironan (Herrialde Katalanak), ustez Frantziara ihes egiten ari zirenean. Lozano Rosalesen bikotekidea dela adierazi du Poliziak. ETAn batera sartu zirela uste dute poliziek, Beobideren eskutik. Berri agentziek esan dutenez, Lozanok Frantziara ihesi joatea erabaki zuenean, guardia zibilek hura gehien bilatutako etakide zerrendan sartzea erabaki zuten.

«Amaierarako pauso bat»

Atxiloketaren berri izan zuenean, aurreko atxiloketen ildo beretik mintzatu zen Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko lehendakariorde eta Barne ministroa atzo egindako prentsaurrekoan. «Egia da ETAk su-eten orokor eta egiaztagarria iragarri duela, baina hau ez da amaiera; ez dute esan guztia amaituko dutenik, indarkeria behin betiko utzi dutenik. Hortaz, behin betiko, alde bakarreko eta zalantzarik gabekoa den amaiera izan arte, guk gurearekin jarraituko dugu: atxilotzen; amaiera hurbil dagoela jakitun baina oraindik lan egin behar dugula».

Azken atxiloketekin ETAren amaiera gertu dagoela uste du Rubalcabak: «ETAren bukaeraren hasierarako azken urratsak egiten ari garela uste dut. Gaur beste pauso bat eman dugu; amaieratik hurbilago gaude. Gutxi geratzen da; denok egingo dugu, batera eta ongi». Era berean, Lozanok pistola bat zeramala nabarmendu nahi izan zuen Rubalcabak, ondorioztatuz atxilotuak arma bat bazeraman «asmo onik» ez zuela.

Frantziako Barne ministroarekin bihar elkartzekoa da Rubalcaba, eta, jakinarazi zuenez, ETAren inguruan hitz egingo dute. Gainera, Frantziaren «laguntza» eta «poliziaren eraginkortasuna» eskertu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.