Ipar Euskal Herria «zona gorrira» pasatzea erabaki du Frantziak

Frantziako Defentsa eta Segurtasun Kontseiluak 42 departamendu zona gorrira pasatzea erabaki duela iragarri du Jean Castex Frantziako Lehen ministroak, horien artean da Pirinio Atlantikoetako departamendua. Prentsaurrekoa eginen du bihar Eric Spitz prefetak.

jarraia186783.jpg
2020ko irailaren 11
18:25
Entzun

Gaur arratsaldean mintzatu da Jean Castex Frantziako Lehen ministroa Defentsa eta Segurtasun Kontseiluak hartutako erabakien berri emateko. Frantziako 42 departamendu zona gorrian direla adierazi du, eta beraz tokian tokiko prefetek neurri berezituak hartzeko aukera dutela. Ez du departamenduen zerrenda zehaztu, baina Pirinio Atlantikoetako prefeturako iturriek Berriari baieztatu diotenez, departamendua, eta beraz, Ipar Euskal Herria zona gorrian dira. Bihar goizean prentsaurrekoa eginen du Eric Spitz prefetak egoeraren berri emateko.

Esperotako berria da, Frantziako osasun agintaritzaren datuen arabera, Pirinio Atlantikoen departamenduan 100.000 biztanleko 50 kasu positiboren langa gainditu baitzen asteazkenean; intzidentzia tasa 51,1ekoa zen. Langa hori gainditzearekin «zona gorrira» pasatzen dira departamenduak Frantziako Gobernuaren protokoloaren arabera, baina, Frantziako Defentsa eta Segurtasun Kontseiluari zegokion erabakia. Zona gorrian sartzeak, botere gehiago ematen dio prefetari, unean uneko erabakiak hartu eta neurriak ezartzeko. Besteak beste, herritarren joan etorriak mugatu ditzake, eta publikoari irekiak diren eraikinetan publikoari harrera egitea mugatu edo debekatu dezake. Halaber, hainbat jarduera debekatzeko eskubidea ere izanen luke.

Berrogeialdia zazpi egunera

Frantziako Lehen ministroak adierazi duenez «egoera epidemiologikoa» okertu egin da azken asteetan. 100.000 pertsonako 72 kasu positibo daude Frantzian, aitzineko astean 53 zirelarik. Birusaren kontrako «borroka» segitu behar dela erran du, «bizitza sozial, kultural eta ekonomikoa, haurren hezkuntza eta bizitza normala zalantzan jarri gabe». Uda garaian laxatze bat izan dela deitoratu du, eta azpimarratu du «gure esku» dagoela segurtasun neurriak betetzea.

Halaber, Frantziak testak «masiboki» eginen dituela adierazi du Castexek, kutsatze kateak hausteko. Gaur egun, milioi bat test egiten dituzte astero, bere arabera. «Europan gehien testatzen duen hirugarren herrialdea gara; berri ona da». Baina onartu itxaron denbora luzeegiak eragin dituela, bereziki hiri batzuetan. «Lehentasunezkoak» diren pertsonentzat zirkuitu berezituak indartuko dituztela iragarri du, ordutegi berezituak ezarriz. Sintomak dituztenak, positibo eman dutenekin kontaktuan egon direna, eta artatzaileak identifikatu ditu «lehentasun» gisa.

Positibo testatuak eta haiekin kontaktuan egon direnentzat, bi erabaki hartu dituztela ere iragarri du: 2.000 lanpostu gehiago Eskualdeko Osasun Agentzian eta gizarte segurantzan, gaixoen jarraipen sistemarentzat. Halaber, COVID-19ak kutsatutakoen berrogeialdia hamalau egunetik zazpi egunera apalduko dutela adierazi du. «Ezinbestekoa da isolamendua atxikitzea, kontrolak egonen dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.