Ipar Euskal Herriko abertzaleen %92 dira indarren batzearen alde

1.650 militante ezkertiar eta abertzaletatik %45,2k diote beharrezkoa dela mugimendu ezkertiar eta abertzale nazional batIpar Euskal Herriaren onarpena da laster lortu beharreko helburuetariko bat

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriko militante abertzale eta ezkertiarren %92,3k diote indar abertzaleen bateratzeak lehentasuna izan behar duela; horra zer atera den Ipar Euskal Herriko 1.650 militantek erantzun duten inkestatik. Oroit gara, alderdi abertzaleen arteko zatiketak gaindituz eta herrietako militanteen iritzietan oinarrituz 3.500 galdeketa banatu zituztela biharko ezker abertzalearen argazkia osatzeko xedean. %90ek pentsatzen dute garaia dela alderdien arteko zatiketak gainditzeko. Halaber, gehiengo handi batek dio alderdien arteko zatiketa izan dela oztopo nagusia aldarrikapenak lortzeko bidean.

Ezkerreko mugimendu nazional eta abertzale baten eratzea beharrezkotzat daukate %45,2k, eta interesgarritzat %39,1ek; %7,3k diote ez dela beharrezkoa. Ideiarekin ados dira gehienak, baina horren gauzatzeari buruz dira, haatik, ezberdintasunak agertzen, eta ez da argiki hobesten proposamen bat. Hainbat mugimenduren konfederazio nazional baten proposamena hobesten dute militanteen %21,7k; Ipar Euskal Herriari funtzionamendu autonomoa utziko liokeen nazio mailako mugimendu bakar baten alde dira %18,9; nazional mailan koordinaturiko bi mugimenduren alde %18,5; eta nazio mugimendu bakarra nahi dute %14,9k. %26k ez dute hauturik egin lau proposamenen artean.

Ezkerreko mugimendu abertzalearen aldarri historikoari begiratzen bazaio, %80 inguru dira Euskal Herri sozialista baten alde, eta %70 eta %80 artean dira independentziaren alde. Independentziaren alde direnen artean, %6,1ek ez dute bat egiten gizarte sozialistaren eraikuntzarekin, eta, sozialismoarekin bat egiten dutenen artean, %13,2 ez dira independentziaren alde.

Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako militanteek lehenesten dituzten aldarrikapenei begiratuz gero, erran daiteke euskararen ofizialtasuna, Ipar Euskal Herriaren onarpen instituzionala eta lurraren espekulazioaren geldiaraztea direla lehentasunetan.Baina ez dira bakarrak; helburu garrantzitsutzat jotzen dituzte, halaber: enpleguen sorrera, herri laborantzaren azkartzea, presoen askatzea, bizi-baldintzen hobetzea, gatazkari begira lortu beharreko nazioarteko sostengua eta berezko unibertsitate baten sortzea. Militanteen %75ek diote borroka sozialak —sindikalak, feministak, etxebizitzari buruzkoak...— abertzaletasunari loturiko aldarriak bezain garrantzitsuak direla. Bakarrik %7k dute uste inportantzia txikiagoa dutela.

Onarpen instituzionala

Ipar Euskal Herriaren onarpen instituzionala garrantzitsutzat daukate militanteen %85ek baino gehiagok. Aitzineko urteei begiratzen badiete, %51,7ek diote aldarri horrek gaur egun sostengu zabalagoa duela, %30,2k berdina duela eta soilik %4,6k diote sostengu txikiagoa duela. %70 ados dira gai horri begira gizarte sektore ugari mobilizatzea lortu duela Batera plataformak, eta %62k diote geroan ere Baterarekin segitu beharko dela euskal lurralde elkargoaren aldeko dinamika. Beste hainbestek diote autonomiaren eskakizuna bateragarria dela lurralde elkargoaren aldarriarekin. Funtsean, %83 ados dira autonomia estatutua «lehen urratsa» dela Ipar Euskal Herriaren burujabetza lortzeko bidean. Haatik, itxaropen gutxi sendi da militanteengan: soilik %14k diote onarpenaren helburua betetzeko aukera gehiago dela orain duela hamar urte baino; %23k dioteaukera gutxiago dela; eta %52k dute uste berdintsu dela.

Eskakizun horri begira eta orokorki ezkerreko mugimendu abertzaleak orain arte egindako lanari begira, militanteek ez dute egiten balorazio oso baikorrik. Hamazazpi lan arlo zerrendaturik, 0 eta 10 arteko nota bat eman beharra zuten; 0-k «aitzinamendurik ez» erran nahi zuen, eta10-ek, «aitzinamendu handia». Erantzun guztiak kontuan harturik, batez bestean, 4,7 nota da atera. Arlo bakar batek du 6-ko nota gainditzen: «herri laborantzaren defentsak» (6,8). Gero dator «mugimendu abertzalearen sinesgarritasunaren emendioa», 5,6 notarekin. 5 eta 5,3 noten artean jaso dute hauek: «Hego Euskal Herriarekiko harremana» (5,3), «presoen eskubideen aldeko eta errepresioaren aurkako borroka» (5,3), «euskararen egoeraren hobetzea» (5,2), «nazioartearen sostengua Euskal Herriaren eskubideei begira» (5,2), «hautetsi abertzaleen presentzia» (5,1), «ingurumenaren babesa» (5,1) eta «aldarrikapen abertzaleen gizarteratzea» (5) arloek. Oso balorazio ezkorra egiten dute, haatik, espekulazioaren aurkako borrokari begira (3,1) eta gazteen bizi-baldintza duinen aldeko lanari buruz (3,5). %21ek diote espekulazioaren aurkako lanean ez dela aitzinamendurik izan.

Militante gehiengo handi batentzat, mugimenduaren barruan den zatiketa baldin bada arrazoi nagusia (7,8-ko nota) , ez da, haatik, oztopo bakarra: Ipar Euskal Herrian dagoen jario demografiko handia (6,4), Baiona-Miarritze-Angelu aldean den biztanle kopuru handia (6,4), herritarrak interpelatzeko zailtasuna (6,3) eta gazteen kanpora ezin joatea (6,2) dira traba handi gisa ikusiak. Hamabi traba mota zerrendatuak zituzten, eta aipaturiko oztopo horien ondotik dator borroka armatuaren presentzia (5,9); hots, seigarren lekuan dago.

Hauteskundeei begira

Hauteskundeei begira, ezkerreko abertzaleek izan beharreko estrategiari buruz zen inkestaren zatibat. Maiz, zatiketaren isla izan dira Ipar Euskal Herrian egindako hauteskundeak. Batean, zatiturik; bestean, batzuk alderdi frantses batekin baturik; eta batzuetan, EH Bai koalizioaren barruan, bozketen arabera alderdiek hautu ezberdinak egiten dituzte. Adibidez, ekainean egingo diren Frantziako Legebiltzarrerakoetan, Batasuna eta AB elkarrekin aurkezten badira EH Bai-ren barruan, EA Europe Ecologie taldearekin doa.

Argi geratzen da militanteekbeharrezkotzat jotzen dutela ideia abertzaleen aurkeztea bozketan; adibidez, Paris mugiarazteko erabaki guneetan ahal bezainbat hautetsi abertzale behar direla dio gehiengoak (7,79-ko nota). EH Bairen balorazio baikorra egiten dute %70ek, eta soilik %1,9k dute ezkorki ikusten koalizioak egindakoa.

Herriko hauteskundeetan abertzaleak aurkeztea inportanta dela diote %95,2k, kantonaletan %91,3k, eskualdeko bozketetan %63,3k, Legebiltzarrerakoetan %52,1ek, Senaturakoan %37,4k eta presidentetzarakoetan %20,3k. Hots, botere gunea urrundu arau, abertzaleen presentziaren nahia ahulduz doa. Herriko eta kantonaletako bozketetan, bi herenek baino gehiagok bakarrik aurkezteko hautua hobesten dute, baina, beste bozketentzat, lehen itzulitik aliantza egin beharraren proposamenak du biltzen sostengu handiena. Adibidez, eskualderako, aliantza bat eginez aurkeztu behar dela diote %40,7k, eta %34k dute zerrenda abertzalea aurkeztu nahi. Europako hauteskundeei begira, %73,5k diote abertzaleek aurkeztu behar dutela, eta hori aliantza bat eginez %44,4en ustez.

Aliantzak egiteko, Europe Ecologie taldeak du sostengurik handiena: %28,8 prest lirateke lehen itzulitik talde horrekin batzeko, eta %37,7, bigarren itzulian. Haatik, %13,7k ez dute horiekin batu nahi. NPA alderdi antikapitalista ere izan daiteke lehen itzulitik aliatu bat %18,2rentzat, bigarren itzulirako %31,7rentzat, baina %18,7k ez dute nahi horiekin batu. Gehiengo argi batek ez du nahi UMP eta zentristekin elkartu, eta %43,3 dira Alderdi Sozialistarekin elkartzearen aurka. Arras gutxik dute hobesten sozialistekin lehen itzulian aurkeztea, baina %27,1ek ikus lezake horiekin elkartze bat bigarren itzulian.

Erantzunak emanen dituzte Interneten, ondoko egunetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.