Iparragirre berehala askatu ezean hiltzeko arriskuan egongo dela ohartarazi dute

Ibon Iparragirre preso ondarroarrak hiesa du, eta azken hiru hilabeteetan egoera ezin larriagoan egon da

Jaiki Hadi sendagile eta psikologoen elkarteko ordezkariak, atzo, agerraldian. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2011ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Larria. Oso larria da Ibon Iparragirre presoaren osasun egoera. GIBak (VIH) jota dago, eta haren osasun egoeraren jarraipena egiten duten medikuek ohartarazi dutenez, nabarmen egin du okerrera oso denbora gutxian. Argi gorria piztu du euskal preso politikoak artatzen diharduten sendagile eta psikologoek osatzen duten Jaiki Hadi elkarteak: «Espetxean jarraitzeak haren osasunaren hondatzea azkartuko luke, infekzio oportunista baten arriskua areagotuz, eta amaiera ekarriko luke». Preso mantentzeak arrisku larrian jartzen du bere bizia. Berehala aska dezatela eskatu dute, beraz: «Haren kasua daramagun profesionalok Ibon berehala askatu eta etxeratzeko aukera besterik ez dugu ikusten».

Aspalditik da seropositiboa Iparragirre, baina, iaz espetxeratu zuten arte «bizi-kalitate ona» zuela azaldu dute Mati Iturralde eta Iñaki Uruburu sendagileek, Jaiki Hadi elkarteko beste dozena bat medikurekin egindako agerraldian. Espetxeratu eta berehala, aldiz, «hondatze garrantzitsu eta iraunkorra» izan zuen. Defentsa biologikoen oreka erabat galdu eta nabarmen egin zuen okerrera. Urtebete eskaseko tartean egoera larrian dago.

Gaitzaren ondorioz, ikusmena galdu du, hepatitis ez birikoak jota dago eta defentsak oso baxu ditu. Hemoglobina eta globulu gorrien maila ere, berdin.

Hiru hilabeteetan asko gaiztotu zaio gaitza, eta horrek egin dizkioten hiru leku aldaketekin lotura zuzena duela uste dute sendagileek. Basaurin dute egun. Baina, azken bidaiak ordaina ekarri dio. Horrek eragin dio higadura larriena. Euskal Herrira gaixoentzat egokitutako egoeran ekarri ordez, euskal presoei ezartzen dizkieten ohiko baldintzetan ekarri zuten, hamar egun iraun zuen bidaian. «Egun horiek erabakigarriak izan dira bere osasunerako».

Adierazgarriak dira datuak: uztailean, lehen lekualdatzearen aurretik, karga biralak 84.000ko neurrian zituen, eta egun, 232.000koan ditu. GIBak eragindako gaixotasun aurreratua adierazten du horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.