Iparraldea hartuko lukeen metropolia sortzearen alde da Max Brisson

Ipar Euskal Herriaren ezagutza instituzionalaren traba gainditzeko balio lezakeela dio Brissonek

Aitor Renteria.
Miarritze
2011ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Frantziako Gobernuak burutu nahi duen lurralde antolaketaren harira, Ipar Euskal Herriko hiru herrialdeak batean bilduko lituzkeen egitura bat sortzearen alde dagoela adierazi du Max BrissonUMPko departamenduko buruak. Nikolas Sarkozy Frantziako presidenteak proposatutako ereduan euskal metropolia sor daitekeela adierazi du. «Horrek gaindituko luke gure giro politikoan behin eta berriz nahasten duen euskal instituzioari buruzko eztabaida».

Herri Elkargoen bilakaerari buruzko agerraldi batean egin ditu adierazpenak, «ez alderdiko kide bezala, pertsonal mailan baizik». Eztabaida ireki behar dela dio. Pertsonal mailan euskal metropolia hartuko lukeen proposamenaren aldekoa bada ere, Herri Elkargoetan oinarritu nahi dutenen kasua ekarri du gogora. Horrela, Lapurdi kostaldea Herri Elkargo bakarrean bildu ondoren, Landetako hegoaldeko Seignanx eta Tarnoze herriekin bat osatuko litzatekeen metropolia litzateke bigarren aukera, eta hirugarrena, Ipar Euskal Herri osoari Landetako hegoaldekoherriak gehituz.

Hiru proposamenek betetzen dituzte, Brissonen iritziz, lurralde antolaketako baldintzak.

Euskal Kostaldea-Aturri Herri Elkargoa zabaltzearen alde agertu da Brisson, Jean Grenet Baionako auzapez eta Frantziako diputatuaren proposamenarekin bat eginez. Alta, azken horrek ez bezala, Brissonek ez du begi onez ikusten Landetako herriak sartzea Euskal Herriko egitura horretan. «Kultura, ohitura politiko eta historia ezberdinak ditugu, eta historiak argi erakusten du beharturik egiten diren loturak askatu behar direla ondoren».

Frantziak berak errealitate hori kontuan hartu duela nabarmendu zuen, kantonamenduetako antolaketari erreferentzia eginez. Egitura hori Frantziako iraultzarekin batera sortu zen, eta bi mendez egon da indarrean «lurralde ezberdinen kudeaketan ohitura ezberdinak sortuz».

Herri Elkargo bat sortzerakoan errealitatea kontuan hartu behar dela gogorarazi du, bai gizartearen nahiak kontuan hartuz, bai ekonomi arloko jardueren partekatuz.

Herri Elkargoa osatuko luketen herri guztien oniritzia behar dela azpimarratu du Brissonek. Baina urratsa sakonagoa dela ondorioztatu du. «Herritarrek ukan behar dute azken hitza, eta horretarako, dagokion neurriko barrutian egin behar da galdeketa». Brissonen iritziz, Seignanx Herri Elkargoan sartzeko galdeketa ezin da Seignanxera mugatu, Ipar Euskal Herrian ere galdetu beharra dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.