Larunbatean da hiesaren aurkako nazioarteko eguna, eta pisuzko neurri bat iragarri du Frantziako Gobernuak: preserbatiboak botiken sisteman sartzea. Alegia, medikuek errezeta egin ahalko dute kondoiak erosteko, eta gizarte segurantzak dirua itzuliko du.
Oraingoz, preserbatibo marka bat sartuko du sistema horretan Parisko gobernuak —ez du zehaztu zein izango den; "kostu baxuko" marka bat dela soilik esan du—. Agnes Buzyn Osasun ministroak iragarri du neurria: "Hemendik aurrera, gazte bat, arrisku zehatzak izan edo ez, emakumea edo gizona izan, medikuarenera joaten ahalko da, eta preserbatiboak lortu medikuaren preskripzioarekin". Berehala sartuko da neurria indarrean: abenduaren 10ean.
Osasuneko Goi Agintaritzak babestu du neurria, hiesari aurre egiteko urrats gisa. Ministroak ohartarazi du preserbatiboa ez erabiltzea arazo handia dela gazteen artean: Frantzian 6.000 kasu berri atzematen dituzte urtean, eta horietatik ia mila 25 urte baino gazteagoen artean. "Askotan, kondoia erabiltzen dute beren lehen sexu harremanetan, baina hortik aurrera, ez"