Irabia-Izaga eskolaren ituna eteteko prozesua ere, epaileek trabatuta

Batxilergoko ituna eten zuen Nafarroako Gobernuak, Opus Deiren ikastetxe horretan ikasleak sexuaren arabera bereizten dituztelako

Irabia-Izaga ikastetxea, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2023ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Iragan astean Redin-Miravalles ikastetxe erlijiosoaren auziarekin egin bezala, Opus Deiren beste eskola segregatzaile baten ituna eteteko prozesua «behin-behinean» geldiaraztea erabaki du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak: Iruñeko Irabia-Izaga ikastetxearena, hain zuzen. Ebazpen haren eta orain argitaratutakoaren artean apenas aldatzen den zentroaren izena, gainerako guztia hitzez hitz errepikatu baitute epaileek. Horren arabera, hezkuntza ituna eteteak «ondorio kuantitatibo eta kualitatibo oso nabarmenak» eraginen lizkioke eskolari, eta, «behin aplikatuta, oso zaila izanen litzateke atzera egitea, egiturazko ondorioak baitira».

Hala ere, gaurko ebazpenak, aurreko astekoak bezala, ez dio erreparatzen auziaren edukiari, baizik formari. Auzitegiak iragarri du «datozen hilabeteetan» helduko diola oinarrian dagoen gatazkari; alegia, ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxeak diru publikoz finantzatu behar ote diren. Izan ere, epaimahaiaren arabera, hezkuntzari dagozkionak «garrantzi sozial bereziko» auziak dira.

Iragan urtarrilaren 27an, Irabia-Izaga eta Redin-Miravalles eskolen Batxilergoko ituna bertan behera uztea erabaki zuen Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak. LOMLOE Espainiako Hezkuntza Legea aplikatuta hartu zuen erabakia, arau horren arabera ezin baitira diru publikoz finantzatu ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten eskolak. Ituna kentzeko erabakiak Batxilergoko hitzarmenari soilik eragin zion, aurreko hezkuntza zikloetan segregazioa «gradualki» bukatzeko prozedura adostua baitzuten ikastetxeetako zuzendaritza taldeek eta departamentuak. Batxilergoan, baina, ikasleak sexuka bereizten segitu zuten bi zentro horietan.

Erabaki horren aurka, helegitea aurkeztu zuten bi ikastetxeetako guraso elkarteek, eta Nafarroako auzitegiak arrazoia eman die «behin-behinean». Hala ere, guraso elkarteei ohartarazi die berme finantzario bat aurkeztu beharko dutela, «hezkuntza itunak berekin dakarren laguntza publikoa adina diru bermatzeko».

Nafarroako Auzitegiak jakinarazi du gobernuak errekurtsoa jarriko diola Redin-Miravalles zentroari dagokion epaiari, eta ikusgai da Hezkuntza Departamentuak auzibidera joko duen atzoko ebazpenaren kontra ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.