bizikidetza

Iraganaren inguruko "irakurketa kritikoa ondo" egiteko eskatu du Markel Olanok

Bizikidetzari buruzko Memoria eta biktimak jardunaldia egin dute Gipuzkoako diputazioan, ahaldun nagusiaren, hautetsien eta adituen parte hartzearekin.

Maribel Vaquero, Bertha Gaztelumendi, Markel Olano, Sabino Ormazabal eta Gema Varona, Donostian, Bizikidetza Lantzen-eko jardunaldia hasi aurretik.
enekoitz esnaola
2016ko azaroaren 2a
08:17
Entzun

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak azpimarratu du diputazioak sustatutako Bizikidetza Lantzen programa herrialdeko 23 udalerritan ari direla jorratzen, eta udalerriok 457.000 biztanle hartzen dituztela, Gipuzkoaren %65. "Anbizioz jokatu, eta legealdi bukaerarako %100era iritsi nahi genuke". Olanok aitortu du aurreko legealditik datorren egitasmo bat dela. Haren arabera, "oso garrantzitsua da iraganaren inguruko irakurketa kritikoa ondo egitea". Ahaldun nagusiak uste du etorkizuna ezin dela eraiki "iraganeko zauriak itxi gabe", eta esan du gertatu denaren azterketa orain egin behar dela, "bakean bizi den eta giza eskubideetan eta giza duintasunean oinarritutako herri bat denon artean eraikitzeko".

Gema Varona Kriminologiaren Euskal Institutuko ikerlariak "biktimarik gabe egin al daiteke politika?" galdetu du, eta nabarmendu biktimek ez dutela beraien "erabilpen alderdikoia" egiterik nahi. "Ez dute nahi diskriminaziorik; berdintasuna nahi dute". Varonaren ustez, oraindik lan handia dago egiteko, haien testigantzak-eta jasoz, eta azaldu du gizarteak ez dakiela zein diren biktimak.

Sabino Ormazabal eta Bertha Gaztelumendi Argituz elkarteko ordezkariek esan dute biktimen gaia "politizatuegia" dagoela, eta jarrera desberdina izateko eskatu dute. "Bakegintzan kontsentsu handia eraiki behar da, eta sormena eta ausardia behar dira". Adierazi dute denen parte hartzea "ezinbestekoa" eta "malgutasuna" ere behar dela.

Goizeko bederatzietan hasi da jardunaldia, haien parte hartzearekin. 11:00etatik aurrera ateak itxita jarraitu dute, hautetsiek tokiko esperientziak kontatuz, taldeka.

Hain zuzen, Errenteria, Urretxu, Getaria, Idiazabal, Legazpi, Zegama, Arrasate, Lazkao, Beasain, Hernani, Mutriku, Aduna, Elgoibar, Usurbil, Asteasu eta Azpeitia herrietako alkate eta zinegotziak egon dira. Donostian izan da saioa, diputazioan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.