Baketik zentroaren ustez, euskal gizartean adiskidetzea lortzeko eta bizikidetza kultura berri bat sortzeko, iragana kritikoki berraztertzea beharrezkoa da; kritika hori interpretazio etiko baten bidez egitea proposatu du. «Gutxienez azken 50 urteetan gertatu diren giza eskubideen urratze guztiak jasotzen dituen txosten bat egin behar da, gertaeren errealitatea txikiagotuko eta ezkutatuko ez duen egiaren txostena». Baketik-ek bizikidetza lortzeko asmoz aurkeztu dituen bost proposamenetako batean adierazi du hori. Iazko udaberrian gogoeta jardunaldi bat egin zuen Baketik zentroak. Ekimen haren ondoren, udalei hainbat proposamen egin zizkien, eta hitzaldi eta ikastaro batzuk ere antolatu ditu. Orain, proposamen zehatzak egiteko garaia dela uste duenez, proposamenak egin ditu bost esparrutan: politikan, herrietan, hezkuntzan, gizartean eta eguneroko bizitzan.
Politika arloan, hiru ardatzetan oinarritzen den elkarrizketa prozesu bat proposatu du Baketik-ek. Txosten batean iraganari buruzko interpretazio etiko bat egiteak lehentasuna duela dio taldeak; bertan, agertu behar dira gertatu diren giza eskubideen bortxaketa guztiak. «Alde guztien interpretazioek izan behar dute lekua hor». Horretaz gain, bizikidetza «integrala» lortzeko iraganeko «inertziak» gainditu behar direla uste du, eta «bakea sendotuko duten humanizazio neurriak» hartu behar direla—neurri politikoak eta judizialak zein legeari eta espetxe politikari dagozkien neurriak—. Bestalde, etorkizunean gizarte honetan bizikidetza gatazkak sortuz gero, horiei aurre egiteko «metodologia etiko eta demokratiko bat» adostea proposatu du Baketik-ek. Talde horren iritzian, iraganeko gatazkak etorkizunean ez gertatzeko, prebentzioan lan egitea garrantzitsua da
Baketik zentroaren arabera, adiskidetzea lortzeko bidean, herriek ere badute zeregina. Horregatik, hurrengo urteetan, herrietan bizikidetza kultura bat sortzen lagunduko duten politikak bultzatzeko eskatu die udalei. Hezkuntza arlorako ere egin ditu proposamenak: giza eskubideetan eta errespetuan oinarritutako proiektuak abian jartzeko eskatu du. Horretaz gain, gizartean elkarrizketarako esparruak sortzea «ezinbestekoa» dela azaldu du. Arlo pertsonalari dagokionez, berriz, bizikidetza kultura berriarekin bat datozen bizitza aukerak sustatzea proposatu du.
Iraganaren «interpretazio etikoa» egitea proposatu du Baketik zentroak
Bost proposamen egin ditu euskal gizartean bizikidetza lortzeko helburua lantzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu