Bakegintza arloan Bilduk «erantzukizun handia» duela uste du Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordeak. «Maiatzeko hauteskundeetan lortu zuen babes sozial handiari erantzun behar dio, kontuan izan behar baita hautesleriaren zati handi batek Bilduren alde egin zuela bakegintzari bultzada bat eman ziezaion», adierazi du.Hala, Abrilek Bilduko ordezkariei gogoratu die bakegintzak «iraganaren begirada kritikoa» egitea eskatzen duela, eta ezin dutela hori saihestu.
Aralarreko koordinatzaileordeak Radio Euskadin azpimarratu du politikan etorkizunera begiratzea oso garrantzitsua dela,baina gatazka konpontzeko funtsezkoa dela «iraganera begiratzea, egindako akatsak aitortzea eta horiek konpontzeko eta elkarbizitza hobetzeko neurriak bilatzea». Halaber, Abrilek adierazi du bake prozesu batek «argitasuna» eta «konpromiso irmoa» eskatzen dituela, eta bide horretan urratsak egitea galdegin dio Bildu koalizioari.
Hori horrela, gogoratu du Gernikako Akordioak aipatzen duela beharrezkoa dela presoen eta biktimen sufrimendua aitortzea eta erreparazioa ematea, eta ohartarazi du hori egiten ez den bitartean bake prozesuan ezin izango dela aurrera egin. «Gero eta lehenago egin aitortza hori, orduan eta lehenago egingo du aurrera bake prozesuak».
Aitortza, berandu
Nolanahi ere, biktima guztiekiko aitortza jada berandu iritsiko dela aitortu du Abrilek, eta adierazi du aitortza hori «duela20, 30 edo 40 urte» egin behar zela. Biktimekiko hurbiltasuna agertzea denbora kontua ez ezik «uste osoa» izatearen kontua ere badela azpimarratu du Aralarreko buruak. «Nork bere buruan sinetsi behar du, eta gizarteari sinetsarazi behar dio esaten eta egiten duena egia dela». Abrilen irudiko, garrantzitsua da bide horretan urratsak egitea, eta urrats horiek «irmoak eta bueltarik gabeak» izatea.
Iraganari buruz gogoeta kritikoa egiteko eskatu dio Aralarrek Bilduri
Jon Abrilek dio biktimen sufrimendua aitortzea ezinbestekoa dela bake prozesuak aurrera egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu