Iraganeko kudeaketa txarra leporatu diote EAJri

Ezker abertzaleak Egibarri «zarata» ateratzea eta bere ardurak ezkutatu nahi izatea leporatu dio

Erredakzioa
Donostia
2012ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Joseba Egibar EAJren Gipuzkoa Buru Batzarreko presidenteak Diario Vasco egunkariari asteburuan eskainitako elkarrizketan kritikatu du Gipuzkoako Aldundiaren erabakietan «inposizioa» nabarmentzen dela eta Bilduren barnean ezker abertzalearen pisua gero eta handiagoa dela. Ezker abertzalearen arabera, Egibarrek «Gipuzkoako hondakinen politika berria estrategia politiko-militarrarekin lotu nahi izan du». Ezker abertzalearen ustez, Egibarren ahotik «zarata asko» ateratzen ari da egunotan, besteak beste, iraganean EAJk egindako «kudeaketa txarraren ondorioak ezkutatzeko».

Ezker abertzaleari iruditzen zaio EAJren GBBko lehendakariaren ahalegina «antzua» dela. «EAJk zor handiak ditu Gipuzkoako jendartearekin, eta lehenbailehen argitu beharko ditu», ohartarazi du. «EAJ foru aldundian egon den bitartean, bere helburu nagusia izan da diru publikoaxahutzea azpiegitura erraldoiaren aitzakiarekin». Hala, Bidegiko errepideen obretan agertutako desfaseei buruz ezer ez esatea egotzi dio Egibarri: «Nola arrazoitzen dira %65era arteko desfase horiek?», galdetu du. 900 milioi euroko zorra arrazoitu gabe jarraitzen duela gaineratu du.

Ezker abertzaleari ere iruditzen zaio Egibarrek azaldu egin beharko liekeela gipuzkoarrei «Kutxabanken izan duen botere galera». Hondakinen kudeaketari dagokionez, EAJk argitzeko «zulo beltz asko» dituela uste du ezker abertzaleak. «EAJk propaganda merkearekin eta manipulazioarekin ezingo ditu bere erantzukizunak ezkutatu». Ezker abertzaleari iruditzen zaio gipuzkoarrek jakin beharko luketela Zubietako errauste plantaren atzean interes ekonomikoak daudela. «Urteetan EAJren ohiko praktika azpiegituratan diru publikoa xahutzea izan da, herritarren benetako beharrak kontuan hartu gabe». Hala, ezker abertzaleak azpimarratu du Zubietako plantaren eraikuntza dela gizarteari eskaintzeko duen «alternatiba bakarra».

Egibarren adierazpenen gainetik, Gipuzkoan aro politiko berria «oso sustraitua» ikusten du ezker abertzaleak. «Etorkizunari itxaropentsu begiratzen diote Gipuzkoako erakundeak eta jendarteak». Ezker abertzalearen arabera,euren oinarria «beti jendartea bera da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.