Euskal presoak

Irailaren 11ra atzeratu dute Villanuevaren aurkako euroagindu auzia

Kasazio Auzitegiak, berriz, ez du ontzat eman Azkarate estraditatzeko Paueko auzitegiaren ebazpena

Erredakzioa
2012ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Arturo Villanueva iruindarraren aurka Espainiako Gobernuak Frantziakoari egindako euroagindu eskaeraren gainean ebazteko, informazio gehiago eskatu dio Paueko Dei Auzitegiak Espainiako Auzitegi Nazionalari, eta, ondorioz, atzo ebatzi beharreko auzia beste astebete gutxienez atzeratu du, denbora tarte horretan eskatutako informazioa jasoko duelako ustean.

Villanueva abuztuaren 27an atxilotu zuten Urruñan (Lapurdi), eta ordutik espetxean dago haren auzia ebatzi bitartean. Auziaren eguna atzo zen, baina irailaren 11ra atzeratu zuten —egun berean Biarnoko auzitegiak Iñaki Imazen aurkako euroaginduaz ebatziko du—. Bitarte horretan preso jarraituko du Villanuevak.

Hain zuzen ere, gazte iruindarrari leporatzen dioten «terrorismo akusazioaren aktaren kopia bat» eskatu dio Paueko Auzitegiak Espainiako Auzitegi Nazionalari.

Auzibideak asteak iraun dezake, baita hilabeteak ere, alde baten edo bestearen helegitez helegite Frantziako Kasazio Auzitegiraino iristen baldin bada.

Azkarateren auzia errepikatu

Horixe da, hain zuzen ere, Manu Azkarate preso ohi tolosarraren auzian jazo dena. Martxoan atxilotu zuten Lapurdin, haren aurkako estradizio eskaera bat zela tarteko. Martxoan atxilotu zuten; maiatzean Paueko Dei Auzitegiak Azkarate estraditatzeko erabakia hartu zuen, baina preso ohiaren abokatuak helegitea jarri, eta Kasazio Auzitegiak arrazoi eman dio tolosarrari, eta estradizioaren gaineko epaiketa hasieratik errepikatzeko agindu du.

Tolosaldeko Hitza-k atzo bere webgunean zioenez, Azkarate pozik agertu da haren aurkako estradizio prozesua gelditu egin delako behin-behinean. Preso ohi tolosarrak oraindik ez daki zein izan den helegitea onartzeko arrazoia, Kasazio Auzitegiaren ebazpena abuztuaren 22koa izan arren bere abokatuak oraindik ez duelako autoa eskuratu, baina uste dute formazko akatsen batean oinarrituko dela, auzitegi berezi horrek prozedura modu egokian egin den aztertzen baitu.

Kontrol judizialpean, baina aske dago Azkarate, aspaldi atzeman zioten gaixotasun sendaezin bat duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.