Irakasleen ebaluazioari buruzko polemika izan da aurreko asteetan. Jose Antonio Marina filosofoak irakasle lanbideari buruzko liburu zuria aurkeztu dio Espainiako Hezkuntza Ministerioari; besteak beste, irakasleen soldata ebaluazioaren arabera moldatzea proposatu du —BERRIAk elkarrizketa egin zion—. Hezkuntzako eragile gehienen aurkakotasuna du proposamenak.
Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du irakasleak ebaluatzen hasiko dela datorren ikasturtetik aurrera. Ez du, ordea, Marinaren proposamenekin zerikusirik izango. "Guztiz kontra gaude. Rankingak egitea da hori", esan du Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak.
"Zeinu positiboa" izango dute Jaurlaritzaren ebaluazioek, sailburuaren esanetan. "Irakasleen hobekuntza beste helbururik gabe" egingo dituzte. Izatez, Heziberri planean jasoa dago irakasleak ebaluatu beharra. Dekretu bat prestatzen ari dira ebaluazioaren nondik norakoak zehazteko. Besteak beste, Uriartek aurreratu du ikasleen iritzia kontuan hartuko dutela ebaluazioetan.
Hain zuzen ere, Jaurlaritzak jakinarazi du Europako Batasuneko proiektu baten buru jarri dutela. Bi urteko proiektua izango da, eta bi gida argitaratuko dituzte ebaluazioari buruz; bat, zuzendariei buruzkoa, eta bestea, irakasleei buruzkoa. Egunotan bilerak egiten ari dira nazioarteko hainbat aditurekin. 2017rako espero dute gidak taxutzea.