HEZKUNTZA

Irakasleak lehen egunetik ordezkatzea eskaini du Jaurlaritzak

Aurrerapausoak izan direla adierazi dute LABek, Steilasek, CCOOk eta UGTk. Datorren astean berriro egingo dute bilera, eta ez dute baztertzen akordiorako oinarria egitea orduan. ELA ez dago ados, eta mobilizazioaren alde agertu da berriro.

jarraia151630.jpg
Garikoitz Goikoetxea.
2018ko maiatzaren 4a
10:55
Entzun

Mahai sektorialaren bilera izan dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako irakasleen arloan, eta pausoak eman dituztela adierazi dute Eusko Jaurlaritzak eta sindikatu gehienek. Proposamen nagusi bat eraman du Hezkuntza Sailak mahaira: irakasleen ordezkapenak lehen egunetik egitea. Aurreko bileretan hori izan dute gatazka gai nagusietako bat.

Jaurlaritzak orain arte onartua zuen Lehen Hezkuntzan lehen egunetik ordezkatzea irakasleak, eta Bigarren Hezkuntzan aurreratzea onartu zuen, baina ez lehen egunetik egitea. Orain, bai.

Bi urte eta gehiago dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan protestan hasi zirela. Joan den ikasturtean ekin zieten grebei, eta zazpi egun egin dituzte ordutik; azkenak, martxoan, 14an eta 15ean. Azken asteetan izan dira mugimenduak. Gatazkan zeuden lau mahaietatik hirutan akordioak lortu dituzte: heziketa berezian, Haurreskolak partzuergoan, eta garbiketan eta sukaldeetan. Akordio horietan hautsi egin da ELAren, LABen eta Steilasen arteko aliantza; hiru itunak sinatu ditu LABek, Steilasek heziketa berezikoa onartu du, eta ELAk, batere ez. Sindikatuen arteko aurrez aurrekoak sortu dira.

Gaurko bileran ere norabide hori hartu dute sindikatuen posizioek. Aurrerapausoak izan direla adierazi dute LABek, Steilasek, CCOOk eta UGTk; ELAk, berriz, mobilizazioei berriz heltzeko deia egin du.

Duela bi aste egin zuten aurreko bilera, eta orduan ere eskaintza batzuk egin zituen gobernuak: premia bereziak dituzten ikasgeletan baliabideak handitzea, 3 urteko geletan hogei ume baino gehiago daudenean errefortzuak jartzea; eta 60 urtetik gorako irakasle finkoei eskola orduak jaistea. Gaurko bileran zehaztu egin dituzte proposamen horiek; besteak beste, baliabide gehigarriei dagokienez, indize bat proposatu du Hezkuntza Sailak, eta horren arabera ematea baliabide gehiago behar bereziak dituzten ikastetxeei.

Negoziazioak azkartu egingo dira. Datorren ostegunean, hilaren 10ean, berriro bilduko da mahai sektoriala, eta mahai gainean beste eskaintza batzuk jarriko ditu Hezkuntza Sailak. Sindikatu gehienek keinu on gisa ikusi dute gobernuaren proposamena. Areago, akordiorako oinarria egin dezaketela ere aurreratu dute. Afiliazioarekin harremanak hasiak dituzte datorren asteari begira. Jaurlaritzak berak ere adierazi du “oso garrantzitsua” izango dela datorren asteko batzarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.