Proposamen berriak bai, baina akordiorik ez oraingoz. Aurrerapausoak espero zituzten sindikatuek gaurko bileran, eta berritasunak agertu dira. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak proposamen dokumentu bat aurkeztu die sindikatuei. Hauek dira proposamen nagusiak:
1. Ratioak. 3 urteko ikasleetan, ikasgelan hogei ikasle baino gehiago baldin badaude, errefortzuak jartzea.
2. Premia bereziak. Hezkuntza premia berezien indizea garatzea, behar handiena duten ikasgelei eta ikastetxeei laguntzeko.
3. Baimenak eta gaixoaldiak. Baimenak eta lizentziak handitzea, eta gaixoaldietan soldata osoa kobratzea. Sindikatuek azaldu dute baimenen kasuan 60 urtez gorakoen eskola orduak murriztea soilik funtzionarioentzat aipatu dutela, eta irakasle guztientzat beharko lukeela.
4. Ordezkapenak. Lanbide Heziketan ere hiru egunera egingo lituzkete ordezkapenak, DBHn eta Batxilergoan bezala —orain, bost egunera—. Lehendik proposatua du Jaurlaritzak ordezkapenak lehen egunetik egitea Lehen Hezkuntzan eta Haur Hezkuntzan. Sindikatuek diote irakastaldi guztietan izan behar direla lehen egunean.
Bileran aipatu dute lan eskaintzaren gaia ere. Legealdi honetan 5.000 postu eskaintzea proposatu zuen Jaurlaritzak, eta beste 500 postu aipatu ditu orain. Behin-behinekotasuna jaitsiko luke horrek. Hezkuntza Saileko iturriek BERRIAri zehaztu diote 500 postu horiek onartzea Espainiako aurrekontuen arabera dagoela, aukera legokeelako betetze tasaz gain postu gehigarri horiek eskaintzeko.
Sindikatu gehienek aurrerapausotzat jo dute Hezkuntza Sailaren proposamena, baina zehaztasunak eta bermeak eskatu dituzte. Bi aste barru, maiatzaren 4an, beste bilera bat egingo dute, eta orduan ematekoak ditu zehaztasun gehiago gobernuak. Hezkuntza Sailak ontzat jo du bilera, "beste pauso bat" eman dutelakoan. ELAk, LABek eta Steilasek datorren astetik aurrerako antolatua zuten aste osoko greba eten egin dute.