Irakasleen egonkortasunerako txoko bila

4.000 irakasle inguru aurkeztu dira Hezkuntza Sailak egindako lan eskaintza publikoko lehen probara

Irakasle batzuk behin betiko lanpostua eskuratzeko azterketa egiten, atzo, BECen. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Barakaldo
2011ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Urduritasuna zen nagusi atzo, goiz eta arratsalde, Barakaldoko BEC erakustazokaren inguruan (Bizkaia). Azterketa garrantzitsua zuten han lau mila lagunek baino gehiagok, eta asko zuten jokoan: funtzionario publiko izateak dakarren lasaitasuna; behin betiko lanpostua eskuratzeko aukera. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eskaintza publikoan eskainitako 1.515 irakasle postuetako bat eskuratzeko lehiako lehen azterketara, idatzizkora, 4.076 pertsona aurkeztu ziren.

Azken urteetan hainbat oposizio egin dituzte irakasleentzat, baina, oraingoa Hezkuntza Sailak sekula egin duen eskaintzarik handiena izan da. 1993. urtetik ez dira horrenbeste postu eskaini. Iaz, esaterako, 451 postu banatu ziren, eta duela bi urte, 1.081. Juan Manuel Aramendi Hezkuntza Saileko Langileriaren Kudeaketarako zuzendariak BERRIAri azaldu dionez, irakaskuntza publikoan dagoen behin-behinekotasun handiegia murrizteko hartutako erabakiaren ondorio da horren lan eskaintza handia egin izana.

Irakaskuntzaren egoera aztertuta, ordea, eskaintza txikiegia dela diote sindikatuek. Hori egotzi diote Hezkuntza Sailari; lanpostu egonkor gehiago banatu behar zituela eta hala agindu zuela, gainera. Inoizko eskaintzarik handiena egin dutela esanaz erantzun du Aramendik.

Langileriaren Kudeaketarako zuzendariak berak azaldu duenez, irakaskuntza publikoan dihardutenen %23k behin-behineko lanpostuak dituzte. Ordezkapenen poltsan sartuta, ikastetxez ikastetxe ibiltzen dira horiek guztiak, postu finkorik gabe. «Gehiegizkoa» da behin-behinekotasun hori, zuzendariaren hitzetan. Gauzak horrela, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak egonkortasunaren aldeko apustua egin zuela azaldu du: hiru urteko epean 3.600 lanpostu egonkor banatuko zituela agindu zuela.

Datorren urtean berriz

Atzo hasitako oposizioan egin dute eskaintzarik handiena, eta gainontzeko 2.085 lanpostuak datozen bi urteetan banatzeko asmoa dute. Datorren urtean zein hurrengoan ere oposizioak egin eta 2013. urterako agindutako 3.600 lanpostuak banatzeko.

Aurreikuspen horiek beteta, irakaskuntza publikoan diharduten irakasleen %12an geratuko litzateke behin-behineko egoeran dabiltzan langileen portzentajea; zenbaki «normalagoa» da hori, Aramendiren hitzetan.

Atzo hasitako proben bidez banatuko diren 1.515 lanpostuetatik gehienak, 1.186, maisu-maistrentzat izango dira. 2.658 aurkeztu ziren postu horietarako. Bigarren Hezkuntzarako banatuko diren 225 postuetarako 1.016 aurkeztu ziren. Goizean eta eguerdian egin zituzten azterketa idatziak.

Arratsaldean, 182 pertsona aurkeztu ziren Hizkuntza Eskola Ofizialetan eskaini dituzten 74 lanpostuetarako, 120 Musika Kontserbatorioetarako zein Arte Eszenikora zuzendutako 30 lanpostuetarako.

Edozein kasutan, datozen bi urteetan ere Hezkuntza Sailak beste oposizio batzuk egitea aurreikusten duenez, atzoko azterketan zorterik izan ez zuten irakasleek datorren urtean izango dute hurrengo aukera.

Hala ere, baldintza batzuk aldatu egingo dira datorren urtetik aurrera, eskarmentua dutenen kalterako. Behin-behineko egoeran lanean aritzeagatik irakasleek jasotzen dituzten puntuak erabakigarriak izaten dira behin betiko postuak eskuratzeari begira. Zenbat eta urte gehiago egin irakasle lanetan, orduan eta puntuazio handiagoa izaten dute irakasleek, eta, oposizio bidez lanpostu egonkorrak banatzerakoan, zeresan handia izaten dute puntu horiek. Datorren urtetik aurrera, berriz, gutxirako balioko dute, eta postuak oposizio azterketetako noten arabera banatuko dira, ia erabat. Urtetako eskarmentua duten irakasleak eta hasiberri direnak parean egongo dira, beraz.

Euskara, maila txikiagoan

Euskararen ezagutza mailari dagokion eskaera murriztu izana ere egotzi diote Hezkuntza Sailari azterketa hauetan. Orain arte, bigarren hizkuntz eskakizuna zen Haur eta Lehen Hezkuntzan irakasle izateko gutxienekoa, baina, aurten, 42 irakasle postutan nahikoa izango da lehen eskakizuna, txikiena, izatea. Eskaintza guztia «logika erabilita» egin dutela esanaz justifikatu du neurria Aramendik: «Badago eskari bat, eta, gainera, postu horiek ez zaizkie emango txikienekin daudenei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.