Dozenaka lagun elkartu dira gaur eguerdian Orendainen (Gipuzkoa), Gipuzkoa Zero Zabor taldeak antolatutako Mundumob ekimenaren lehen ekitaldian. Iraunkortasunaren aldeko mezua zabaldu nahi du talde horrek, eta, horretarako, flashmob estiloko dantza bat egingo dute herririk herri. «Guztiok daukagu mundua aurreko belaunaldiek jaso zuten aukera berdinekin jasotzeko eskubidea, eta, ondorioz, guztiok daukagu mundua hurrengo belaunaldiei jaso dugun aukera berdinekin uzteko betebeharra». Hori aldarrikatu dute Eman hartu nahi duzun mundua mezuarekin.
Orendainen hasi dute ekimena. Hura jotzen dute Euskal Herriko lehen zero zabor herritzat. Sortzen dituzten hondakin organikoak herrian bertan kudeatzen dituztela nabarmendu dute, «zaborrak beste herri batera usteltzera eraman gabe». Bide egokia hori dela aldarrikatu dute, eta mundu bola bat eramango dute herririk herri, mezu hori irudikatzeko.
Ekainaren 8an amaituko dute bira, Donostian.