Euskararen erabilera areagotzea, hizkuntza ohituretan eragitea izango du helburu Euskaraldiak. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo dute, Euskal Herri osoan. Orain arte 400 udalerrik baino gehiagok bat egin dute egitasmoarekin, eta mugimendu handia sortu da herriz herri, talde euskaltzaleen bueltan. Aspaldi ikusi gabeko mugimendua.
Herritarren txanda iritsi da orain: izena emateko garaia. Euskaraldiaren webgunean dago izena emateko aukera, eta herriz herri ere jarriko dituzte lekuak. Iruñean aurkeztu dute izena emateko kanpaina, Euskal Herri osoko erakundeetako eta euskalgintzako ordezkariak bertan zirela.
Hizkuntza ohituretan eragiteko, ahobizi eta belarriprest rolak zehaztu dituzte Euskaraldirako. Izena ematean, norberak zehaztu beharko du zer roli helduko dion. Prestakuntza saioak ere eskainiko dituzte, hizkuntza ohiturak erosoago aldatzeko. Komeni da ondo jakitea zer den rol bakoitza.
Ahobizi: euskarari eutsiko diote. Euskara lehenetsiko dute, eta ahal den kasu guztietan eutsiko diote euskarari. Horretarako, beraz, ezinbestekoa da euskaraz hitz egiteko gaitasuna izatea. Baina ez da aski euskalduna izatea: ohiturak aldatzeko borondate irmoa eskatzen du ahobizi rolak. Ez da nahikoa oraingo euskarazko solasaldiei eustea: solaskideak euskara ulertzen badu, hala egin behar diote, nahiz orain arte erdaraz egin pertsona horrekin. Argudio hau zabaldu dute: «Bi aldeek euskaraz ulertzen badute, ez dago euskaraz ez egiteko arrazoirik». Ezezagunekin zer egin, euskaraz hastea da konpromisoa; ulertzen badu, segi, nahiz besteak ez egin erdaraz erantzun. Elkarrizketa elebidunak lirateke horiek. Hizkuntza ohituretan aldaketa hori egiteko «giro babestua» emango dute Euskaraldiaren bidez.
Belarriprest: Bidea jarriko dute. Euskaraz egiteko aukera jarriko dute belarriprest rolekoek: euskaldunei adieraziko diete egiteko euskaraz, ulertzen dietela, nahiz eta, agian, eurek ez egin euskaraz. Jarrera aktiboa izango da belarriprestena ere: euskaldunei gonbita egingo diete euskaraz egiteko. Maiz bigarren mailakotzat hartu da rol hori, ahobiziek dutelakoan lehentasuna, baina belarripresten pisuaz ohartarazi dute: «Garrantzitsua da funtzioa, euskarazko elkarrizketak sortzen lagundu eta euskara erabiltzeko giro babestua sortuko dutelako». Belarriprestek ez dute konpromisoen artean edukiko beti euskaraz egitea, baina horrek ez du esan nahi soilik euskaldun hartzaileek izan dezaketenik rol hori: euskaraz eroso dakitenak ere izan litezke, ez badiote heldu nahi ahobizi izatearen konpromisoari.
Izena ematearekin batera, informazio fitxa bat bete beharko da. Izan ere, Euskaraldiari buruzko ikerketa soziolinguistiko bat egingo dute, eta hori txukun egiteko eskatu dituzte datuak. Parte hartzaileei galderak egingo dizkiete hizkuntza ohiturak aldatzeari buruz.