EAE-ko aurrekontuak

Iriarte: "Dirua eduki arren, milaka pentsiodun pobrezian jarraitzera zigortu ditu Jaurlaritzak"

Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren esanetan, "betiko ezker abertzalearekin" egin dute topo negoziazioetan. "Jaurlaritzak haren proposamenei erantzun dienean, horiek puztu egin dituzte. Pentsiodunen itxaropenekin jokatu dute", gaineratu du. EH Bilduk salatu du "aukera erreala" zegoela akordiorako: "Erantzuna ezezkoa izan da".

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea eta Iñigo Urkullu lehendakaria, atzo, Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
jon olano
2018ko abenduaren 13a
07:12
Entzun

Eusko Jaurlaritzak aurrekontu proiektua erretiratu ondoren egin ditu adierazpen horiek Urkulluk. Jaurlaritzako sailburu guztiak ezohiko gobernu kontseiluan bildu dira gaur, 08:00etan, erabakia hartzeko, eta berehala eman diote haren berri Eusko Legebiltzarrari.

Atzo, gauerdiarekin batera aurreratu zuen gobernuak aurrekontu proposamena bertan behera utziko zuela. "Abenduaren 13ko 00:00etan, Eusko Jaurlaritzak ez du bere azken eskaintzaren erantzunik jaso EH Bilduko talde parlamentarioaren aldetik. Horrenbestez, 08:00etan ezohiko gobernu kontseilua egingo du. Jaurlaritzak lanean jarraituko du euskal gizartearen beharrei erantzuteko aurrekontuak luzatuta".

Arratsaldean egin du agerraldia EH Bilduk. Gobernuaren jarrerarekin "penatuta" agertu da Maddalen Iriarte EH Bilduko talde parlamentarioaren bozeramailea: "Erabaki txarra hartu du herri honentzat, zeren aukera erreala zegoen akordio batera iristeko eta milaka pertsonen bizitzak hobetzeko". Iriarteren esanetan, "nahikoa diru" badago "egoera prekarioan" dauden pentsionisten, emakumeen eta gazteen bizi baldintzetan "inbertitzeko": "Dirua eduki arren, milaka pentsionista pobrezian bizitzen jarraitzera zigortu ditu Jaurlaritzak".

Datuak emanez azaldu du argudio hori Iriartek. Haren esanetan, 2019an 858 euroko gutxieneko pentsioa bematzeko nahikoa ziren 20 milioi euro. "11.800 milioi euroko aurrekontutik, 20 milioi. Erantzuna ezezkoa izan da". Aurrekontuetan akordiorik lortu ez badute ere, bide hori urratzen jarraitzeko borondatea agertu du EH Bildukoak: "Autogobernu ponentzian abiatutako bidearekin jarraituta, herri akordioak posible izateaz aparte, sinetsita gaude beharrezkoak ere badirela".

Iriarterekin batera, bertan Nerea Kortajarena legebiltzarkidea eta Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusia ere. EH Bilduren asmoa zein zen azaldu du Otegik: "Herritarrek mobilizazioekin emandako aukera baliatu nahi izan du EH Bilduk. Akordioak hemen egiten direnean, herritarrek hobeto bizitzeko aukera dutela erakutsi nahi izan dugu". Otegik nabarmendu du "ahul" dagoela Urkulluren gobernua, eta gogora ekarri ditu Osakidetzako iruzur salaketak eta De Miguel auzia: "Jendeari bizkarra eman, patronalari men egin, ultimatuma eman eta atea itxi dute". Iragarri du herri ekinbide legegileak eramango dituela koalizioak legebiltzarrera: "Agerian geratu da badagoela alternatiba: jendearen mesedetan, bestelako politka batzuk praktikan jarriko dituena".

Goizean, Iriartek gezurtatu egin du EH Bilduk Jaurlaritzaren azken proposamenari erantzun ez dionik. Euskari Irratian egin dioten elkarrizketan azaldu duenez, Iriartek berak mezu bat idatzi zion Azpiazuri, "18:48an", proposamenari ikusten zizkioten gabeziak zein ziren laburbilduz. Koalizioko legebiltzarkidearen esanetan, gobernuak ez du berak ezarritako gauerdira arteko epea agortu akordioa lortzeko.

Urkullu: "Dezepzioa"

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ere hitz egin du aurrekontuen gaineko negoziazioen porrotari buruz, gaur goizean. Bizkaia Irratian egin dioten elkarrizketan Iriartek esandakoaren kontrakoa defendatu du. Erkorekaren esanetan, EH Bilduk ez dio Jaurlaritzaren azken proposamenari erantzun; "ez idatziz, ez telefonoz".

EH Bildurekin "dezepzioa" izan dutela adierazi du Jaurlaritzak Urkulluren eta Pedro Azpiazu Ogasun sailburuaren ahotik. Biek leporatu diote EH Bilduri pentsiodunei ziria sartzea.

Aurrekontuak luzatuko diren arren, Jaurlaritzak nabarmendu du horiek hobetzeko neurriak hartuko dituela. Azpiazuren esanetan, baliabide nahikoa dago gizartearen ongizatea bermatzeko, eta azaldu du Jaurlaritzak iaz baino 300 milioi gehiago izango dituela gasturako. Diru hori aurrekontu proiektuak jasotzen zituen lehentasunen arabera erabiliko dutela aurreratu du.

Hala ere, aurrekontu berririk ez izateak "mugak" dakartzala gaineratu du. Azpiazuren arabera, muga horiek langile publikoen soldatari eta DSBE jasotzen dutenei eragingo die, besteak beste. Adierazi duenez, bi arlo horietara bideratuko diren kopuruak ez dira izango aurrekontu proiektuan jaso direnak.

PSE-EEko Antonio Pastorrek, berriz, berretsi du "egonkortasuna, hazkunde ekonomikoa, enplegua sortzea eta zerbitzu publikoak defendatzea" dela beren apustua, eta aurekontuak luzatu arren, "ahaleginak biderkatuko" dituztela adierazi du, helburu horiek lortzeko. "Guk hasieratik defendatu ditugu oposizioko hiru indar politikoei irekitako akordioak", esan du Pastorrek, besteak beste, gobernua gutxiengoan dagoenez, "beharrezko" direla argudiatuta. "Baina inork ez du bere ardura hartu nahi izan".

Negoziazioen emaitza antzua izan dela ikusita, Elkarrekin Podemosen iritziz, frogatuta gelditu da EAJrekin "ezin dela biderik egin ezkerretik". Hori dela eta, "alternatiba aurrerakoi bat" eraikitzera deitu ditu EH Bildu eta PSE-EE. Bi indar horiei eskatu die uko egin diezaiotela EAJren "makulu" izateari. Lander Martinez legebiltzarkideak adierazi duenez, "Elkarrekin Podemosek argi du Euskadik bira sozial bat behar duela eta aldaketa hori eskaintzeko prest dago".

PPren esanetan, berriz, negoziaketek EAJrentzako ikasgai izan behar dute. Anton Damborenearen esanetan, gobernua "barregarri" aritu da, EH Bilduri babesa "erregutu" diola iritzita. Gogorarazi du PPk "egonkortasuna" eskaini diola Jaurlaritzari azken bi urteetan, eta egonkortasun horri uko egitea leporatu dio EAJri, autogobernu lantaldean EH Bildurekin akordioa egitea lehenetsi duelako.

Azken mugimenduak

Ogasun eta Ekonomia sailburuak asteartean eman zuen 24 orduko epea aurrekontuen inguruan ados jartzeko. Jaurlaritzak berak asteazkenean helarazi zion azken proposamena koalizioari: Azpiazuren arabera, Jaurlaritzak eskaintzen du pentsio apalenak osatzera bideratutako dirua —DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta dela medio— %7 igotzea 2019an, %6 2020an, eta 2021ean igoera izatea KPI kontsumorako prezioen indizea gehi %1.

Horrek esan nahi du neurri horren onurak jasoko lituzketen pentsiodunek —40.000 inguruk, Jaurlaritzak egindako kalkuluen arabera— 783 euro kobratuko luketela hilean datorren urtean, eta 830 euro 2020an. EH Bilduk proposatzen du diru kopuru hori 858 eurokoa izatea, horixe delako, haren hitzetan, legeak finkatutako mekanismoen arabera jaso beharreko gutxieneko kopurua. Jaurlaritzaren ustez, 2021ean KPIa %2koa balitz, posible litzateke ia EH Bilduk eskatzen duen kopuru horretara urte horretan iristea —856 eurora, zehazki— eta are kopuru hori gainditzea ere inflazioa handiagoa balitz.

Baina EH Bilduk ez dio proposamen horri "onargarri" irizten. Eskaintzaren berri izan ostean, EH Bilduko legebiltzarkide Maddalen Iriartek esan du "praktikan" ez dagoela aldaketarik proposamen horren eta joan den astelehenean aurkeztutakoaren artean, eta, beraz, ez dela "nahikoa".

Iriartek esan du koalizioak "amore" eman duela hainbat arlotan, baina eutsi egiten diela bere eskaera nagusiei: pentsiodunek gutxienez 858 euro jasotzea, pentsioen osagarriak 190.000 lagunek jasotzea, eta diru publikoz hornitutako lan eta kontratuetan gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izatea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.