Hezkuntza erreforma irailean martxan izango dela baieztatu du Nafarroako Hezkuntza kontseilari Jose Iribasek. Aitortu du oso estuak direla denborak, lan asko dagoela oraindik egiteko, baina berretsi du legea bete egingo duela gobernuak. "Ez gara ezkutatuko denborarik ez dagoela esanda". Gauza batzuk lortzea ezinezkotzat jo du, hala ere: iragarri du liburu berriak irailerako ez direla iritsiko.
Nafarroako Parlamentuan egin du agerraldia Iribasek, LOMCEren ezarpenari buruz argibideak emateko. Oro har, babestu egin du hezkuntza erreforma, nahiz eta gauza batzuekin ez den ados azaldu. "Baina, gehiago edo gutxiago gustatu, legea bete egin behar dugu. Leialak izango gara".
Espainiako Gobernuak ezarriko du ikasgai nagusietako edukia, baina Iruñeko gobernuak asmoa du gai horiek osatzeko, "Nafarroako identitateari" dagozkion edukiak sartzeko. Pozik da Iribas, hala ere, Espainiako edukiak ugarituko direlako curriculumean. "Gustura gaude Espainiara lotzen gaituen historia ikastearekin".