Itsasoratu da zortzigarren Hitza, "prozesu luze baten ostean". Astelehenean ekin zioten Behe Bidasoako Hitza-ren egunkari digitala egiteari, eta bihar argitaratuko da papereko edizioko lehen zenbakia (16 orrialdekoa).
Jendaurreko aurkezpen ekitaldia atzo arratsean egin zuten Hondarribiko taberna batean. Eta han bildutakoek ongietorria eman zioten egunkari berriari, azkeneko hilabeteetan landutako proiektua gauzatu izana ospatzearekin batera.
Joanmari Larrarte EKTko kontseilari ordezkaria "pozik" agertu da, "batetik, tokiko informazioari lekua egiten dion proiektua garatzen ari delako, eta, bestetik, esperimentu bat delako, etorkizunari begira". Prentsak eta Internetek batera egin behar duten bidea zein den ez du inork oraindik asmatu, "eta gu nolabait saiakera bat egiten ahaleginduko gara". Larrartek goraipatu duenez, "aurreneko tokiko komunikabidea izango da hasieratik papera eta Internet erabat uztartuta abiatuko dituena".
Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusi Estibalitz Alkortari "interesgarria" iruditzen zaio, beste Hitzen aldean Interneteko bidea hartu izana: "Euskara eremu guztietan bultzatu nahi dugu Interneten". Tokiko hedabideek aspaldian hartu behar zuten formatu elektronikoaren bidea, Alkortaren iritziz. "Plaza elektronikoak baliabideak hobeki erabiltzeko hautabideak emateaz gain, aukera ikaragarriak zabaltzen dizkio tokiko informazioari".
Pausu Media elkarteko lehendakari Urko Ikardoren arabera, eskualdeko esparru komunikatiboan bazen hutsune bat: "Ez zegoen euskarazko tokiko prentsa idatzirik. Hilabete hauetan elkarrekin urratsak egin ditugu, eta horren emaitza da Hitza berria".
Irungo erdialdean du erredakzioa Behe Bidasoako Hitza-k eta egunkariko zuzendari Koldo Nausiak aitortu du lehen egunak "gogorrak" izaten ari direla: "Lan taldea guztiz osatu gabe dago, eta pixkanaka martxa hartzen ari gara. Hala ere, ilusio handiarekin hasi gara".
Alor ezberdinetako lagunak bildu ziren atzoko ekitaldian. Euskalgintzako ordezkarien artean, Irun Iruteneko lehendakari Josetxo Arrietak uste du "garrantzi handia" duela Hitza sortzeak: "Ni irakaslea naiz, eta uste dut aukera izango dugula gazteekin lan egiteko. Era berean, egunkaria sortzeko prozesuan parte hartzea oso polita izan da".
Komunikabide mundutik ekitaldian izan ziren, besteak beste, Aitziber Zapirain Antxeta Irratiko koordinatzaile berria, Agus Hernan Le Journal-eko zuzendaria, Maite Ubiria Kazeta.info-ko kazetaria eta Nikolas Aldai Euskadi Irratiko esatari ohia. Hondarribiko hainbat ordezkari politiko joan ziren: Iñaki Gezala EAJko zinegotzia, Mikel Mariscal ezker abertzalekoa, Jon Elizalde EAkoa eta Josu Alvarez PSE-EEkoa. Ekitaldian izan ziren, halaber, Joxemi Elduaien Hondarribiko arraun elkarteko kidea, Xabier Isasi UEUko irakaslea, Guillermo Etxenike Bidasoa Bizirik-eko zuzendaria eta Enrike Lekuona itsas injeniaria. Eta barraren atzean Txomin Artola, tabernako jabea. Zura taldeko doinuek jarri zuten giroa.
Behe Bidasoako Hitza-ko harpidedun egin nahi duenak 902-82 02 01 telefonora deitu edo www.behebidasoakohitza.info webgunera sartu behar du.
Komunikabideak
Iritsi da 'Hitza' Behe Bidasoa eskualdera
Atzo iluntzean egin zuten aurkezpen ekitaldia, Hondarribian. 'Hitza' berria digitala izango da astelehenetik ostiralera, eta ostiralero argitaratuko da papereko edizioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu