Nafarroako ikus-entzunezko hedabideen lizentziak banatuko dituen foru dekretuari alegazioak aurkeztu dizkio Euskalerria irratiak, proiektua «arretaz irakurri eta aztertu» ostean. Izan ere, Mikel Bujanda irratiko zuzendariak eta Jose Antonio Solano Iruñeko Komunikabideak SA elkargoaren presidenteak aurkeztutako txostenaren arabera, «desitxuraketa nabarmena» antzeman daiteke proiektuan. Hala, «sakoneko berrikusketa» egin, eta «zuhurki» joka dezan galdegin diote Nafarroako Gobernuari.
Euskalerria irratiaren arabera, foru dekretuak ez dio gaiaren muinari heltzen, gizarte komunikazioari, hain zuzen ere. Alde horretatik, hedabideen jarduerek gizartean daukaten eragina gogora ekarrita, gizarte komunikazioaren garrantziaz ohartarazi nahi izan dute Nafarroako Gobernua: «Esan daiteke sistema komunikatiboa nolakoa, halakoa dela hein handi batean gizarte horren demokraziaren kalitatea». Era horretan, nabarmendu dute foru dekretuak arautzen duen gaia «arlo juridikotik harago eta arlo ekonomiko eta teknikoak baino urrunago» doala, «gizarte komunikazioa baita arautu beharreko arloa».
Hala izanda, prozeduraren fase guztietan ardura komunikazioko adituek har dezaten aldarrikatu dute irratiko arduradunek. Gainera, aniztasuna berma dadin, lizentziak banatzerako orduan egun herrialdean dagoen eskaintza komunikatiboa kontuan har dadin exijitu dute —44 lizentzia banatuko dira Nafarroan; horietatik bi besterik ez Iruñerrian—. Hala, nabarmendu dute lizentzien banaketa berriak «orekatu edo leundu» egin ditzakeela egon daitezkeen «desorekak edo disfuntzioak». Horrez gain, Bujandak eskatu du defini dezatela lehiaketara deitu aurretik jokoan dagoen frekuentzia bakoitzak etorkizunean zein zerbitzu bete beharko duen.
Errealitatearen azterketa egiterakoan euskara hutsean jarduteko frekuentzia batzuen «erreserba» ere aintzat hartzeko eskatu du Euskalerria irratiak. Izan ere, gogorarazi du «dibertsitateari» eman beharreko garrantziak«berebiziko munta» duela gizarte elebidunetan. Era berean, 1986ko Euskararen Legeak dioena nabarmendu dute irratiko arduradunek: «Hizkuntza gutxituari [euskarari] eman beharreko babesa hein handi batean hedabideetan gauzatu beharra dago».
Esperientziatik ikasi beharra
Ikus-entzunezko komunikazioen foru dekretuari egindako alegazioan, Nafarroako Gobernuaren jokaerak irratien esparruan eragindako «liskarrak eta iskanbilak» zerrendatu ditu Euskalerria irratiak. Besteak beste, jokaera irregularrak, epaitegiek baliogabetutako erabakia, alderdikeria susmoak eta adiskidekeria zantzuak aipatu ditu adibide gisa.
Gertakari horiek kontuan izanda «esperientzatik ikasi beharra» dagoela nabarmendu du Bujandak. Hala, «zuhurki» jokatzeko deia egin dio Nafarroako Gobernuari, «arbitrariotasuna» baztertu dezan eta «egindako hutsak» zuzendu ditzan. Era berean, epaitegiek emandako aginduak, Nafarroako Parlamentuak hartutako erabakiak zein Europako Hizkuntza Gutxituen Kartak emandako aholkuak bete ditzatela eskatu die Solanok Nafarroako Gobernuko arduradunei.
Azkenik, abenduan eginen den lizentzia banaketa berria «aukera ontzat» hartu du Euskalerria irratiak, «konponbidearen zain dauden arazoei irteera egokia emateko». Hala, aukera hori baliatzeko «taxuzko oinarriak» jartzera deitu du gobernua. Irratiko ordezkariek gaineratu dutenez, administrazioaren eginkizuna da gizarte sektore guztiek hedabideetan sarbidea izanen dutela bermatzea. Edonola ere, arrazoi teknikoek hala aginduta uhin hertziarren erabilera murriztu beharra dagoenean administrazioak «iripizde demokratikoen arabera» joka dezala nahi dute.
Irrati lizentzietan aniztasuna berma dadila eskatu du Euskalerria irratiak
Hizkuntza Gutxituen Karta bete, eta euskara hutsez jarduteko frekuentziak erreserba daitezela nahi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu