Pirritx, Porrotx eta Marimototsek egitasmo berri bat aurkeztu du gaur, Irrien Lagunak Elkartasun Taldea. Ekimen hau Euskal Herriko haurrei eta euren familiei zuzentzen zaie eta konpromiso argia du: maitasuna, elkartasuna, eskuzabaltasuna, laguntasuna, adiskidetasuna eta maila bereko giza baloreetan sakontzea.
Irrien Lagunak Elkartasun Taldearen helburu nagusia, besteak beste, euskaratik eta euskaraz sortutako izaera bereziko gai sozialak lantzea da; hala nola, gaixotasun berezi batzuen errealitatea islatzea, internazinalismoa bultzatzea eta homosexualitatearen berri ematea. Ume, gazte zein helduak gai horietan sentsibilizatzeko eta gizartearen atxekimendu emozionala lortzeko asmoa du.
Bestetik, errealitate horiek lantzen dituzten elkarteen lana azaldu eta elkarlanerako guneak eskaini nahi ditu Taldeak. Hain zuzen, momentuz, Euskal Herriko 16 elkartek hartu dute parte egitasmoan: Aspanogi, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa, Ademgi, Beroa, Euskal Gorrak, Agipase, Ume Alaia-Gipuzkoa, Gehitu, Mendilur elkartea, Gizakien Lurra, Gure Señeak, Yal-Lah (Sahara), Etiopia-Utopia, Kale dor Kayiko, Honek eta Banaiz, bagara elkarteek.
Pirritx, Porrotx eta Marimototsek bultzatutako, Irrien Lagunak Kluba (ILK), komunikazio eta harreman esparrua sortzeko egitasmo estrategikoa da, batez ere, ikuspegi hezitzailea duena, haurren erreferentzia nagusiak euskarazkoak eta giza baloreetan oinarritutakoak izateko. Klubak komunikazio sare osoa sortu du: zuzeneko emanaldiak, Irria hilabetekaria, webgunea, cd-ak, aisialdi guneak, iruditegi propioa, merchandising-a…