SUTEa

Iruñean atzo su hartu zuen etxeko bizilagunak gauzak jasotzera sartu dira gaur

Ehun bat bizilagunek gaua kanpoan pasa behar izan dute, eta asteak beharko dituzte euren etxeetara bizitzera joan ahal izateko.

2011ko urtarrilaren 13a
16:05
Entzun 00:00:0000:00:00
Atzo iluntzean Iruñeko Tafalla kalean su hartu zuen etxeko bizilagunek asteak egin beharko dituzte etxetik kanpo, larrialdi zerbitzuetako arduradunek eta Iruñeko Udaleko ordezkariek jakinarazi dutenez. Ehun bat bizilagunek gaua kanpoan pasa dute gaur, atzo zortzigarren solairuan piztu zen suaren ondorioz; inor ez da zauritu, baina kalteak handiak izan dira, batez ere zortzigarren solairu horretan.

Agerraldian jakinarazi dutenez, zortzigarren solairua kiskalita dago. Hortik behera, kalteak arinagoak izan dira. Hala ere, konponketa lanak tarteko, bizilagunak ezingo dira etxean bizi zenbait astetan. Gauzak jasotzeko bakarrik sar daitezke, eta, horretarako, ordubete izango dute egunean. Gaur 11:00etan maletak eskuan sartu dira bizilagunak.

Tafalla kalea Bigarren Zabalgunean dago, eta su hartu duen etxea harrizko etxe dotorea da, altua. Eraikinean adineko jende asko bizi da, eta emakume bat besoetan atera behar izan zuten. Lehen ikerketen arabera, elektrizitateak piztu zuen sua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.