Bartzelona, Berlin, Brusela, Geneva, Lisboa, Londres eta Parisen ez ezik, Herrialde Katalanetako elkarte Omnium Cultural-ek ekainaren 8an Iruñean ere egingo du Kataluniako galdeketaren aldeko giza gaztelua, Gure Esku Dago dinamikarekin batera egindako prentsaurreko batean jakinarazi duenez.
Bartzelonako Euskal Etxean eman dute prentsaurrekoa, eguerdian. Quim Torra (Omnium), Angel Oiarbide (Gure Esku Dago), Ekaitz Garate (Bartzelonako Euskal Etxea) eta Javier Gonzalez (Sant Vicenç dels Horts-eko elkarte bateko kidea) izan dira parte hartzaileak.
Ekainaren 8an bertan, Gure Esku Dagok antolatuta, euskal herritarren erabaki eskubidearen aldeko giza katea egingo da Durango eta Iruñea artean. Oiarbidek azaldu du, nola konturatu ziren kataluniarrek Europan egin asmo zuten giza gazteluen segida Euskal Herrian giza katea egingo den egun berean izango dela: "Segituan ikusi genuen ekimen bi hauek egun berean egokitzeak izan zezakeen eragina".
Ekainaren 8ko giza katean, ibilbideko 109. kilometroa katalanek eta Katalunian bizi diren euskal herritarrek beteko dute. 123 kilometroko katea izango da.
Kataluniako independentzia galdeketa arazoaren 9rako deitua du Generalitatek.
Giza gazteluei buruzko spota
[YouTube]http://youtu.be/m8YTJPJQevw[/YouTube]