Iruñean desagertu zen gaztearen aitak utzikeria salatu du

Darwin Piedrak salatu du Polizia ez dela ari behar beste bilatzen eta ikerketan gabeziak daudela

Erredakzioa
Iruñea
2011ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Espainiako Poliziaren jarduna kritikatu du Darwin Fernando Piedra Iruñean desagertutako gaztearen aitak, Darwin Piedra Mejiak. Haren arabera, ez dira ari behar beste ahalegin egiten semea aurkitzeko. «Oso ahalegin eskasak egiten ari dira, ziur baitaude bere kabuz alde egin zuela eta nahi duenean itzuliko dela. Baina guk uste dugu ez zela bere kabuz joan, eta bilaketari tinko heltzeko eskatzen diegu», nabarmendu du gaztearen aitak. Ekuadorrek Espainian duen enbaxadorearekin ere jarri da harremanetan. «Baina ez dit erantzun ere egin».

Hala, «etsiak hartuta» daudela adierazi zuen Piedrak atzo egindako agerraldian. «Ez dakigu zer egin, ezta nora joan edo nori deitu ere laguntza eskatzeko». Gainera, ikerketan gabeziak izan direla uste du. «Poliziak hilabete itxaron zuen ibaian miaketak egiten hasteko, eta oraindik ez ditu galdekatu nire semearen ikaskideak. Soilik bi ikaskiderekin hitz egin du, eta biak Ekuadorkoak dira. Hori guztiz baztertzailea iruditzen zaigu».

Gaztea Iruñeko Donibane auzoan ikusi zuten azkeneko aldiz. Hango segurtasun kamerak itzalita egotea «ulertezina» egiten zaio. «Inguru horretan hogei kamera daude. Baina nola da posible itzalita egotea, inguruan epaitegiak eta kartzela badaude?»

Semea bere kabuz joan izana ere ukatu du. «Pentsaezina da 18 urteko gazte bat goizaldeko ordu horietan bere kabuz joatea. Are gehiago, dirurik gabe bazegoen». Hori guztia kontuan hartuta, herritarrei eta erakundeei babesa eta laguntza eskatu die, semea aurkitu ahal izateko. «Ez dugu nahi nire semearen kasua ahaztea».

Horrenbestez, larunbatean Sanduzelai auzoan elkarretaratzera deitu dute. Larunbatean beteko dira, hain zuzen ere, bi hilabete desagertu zela. Gazteak Virgen del Camino ikastetxe politeknikoan egiten zituen ikasketak. Ikastetxeak bat egin du protestarekin. Jesus Estevez errektoreordeak nabarmendu du «oso kezkatuta» daudela egoerarekin. «52 egun dira galdu zela, eta egunak igaro ahala, gure egonezina handituz doa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.