Iruñeko istiluengatik epaitutako lau gazteek akusazioak ukatu dituzte

Liskarrak hasi zirenean handik alde egin zutela deklaratu dute. Poliziek eutsi egin diote atestatuan adierazitakoari. Epaiketa bihar geratuko da epaiaren zain

Auzipetutako lau gazteak, Espainiako Auzitegi Nazionalean, atzo. EMILIO NARANJO / EFE.
gotzon hermosilla
2018ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzen ari diren lau gazteek ukatu egin dituzte fiskaltzak egindako akusazioak. Haietako hiruk —Asier Petrirenak, Ruben Iglesiasek eta Endika Eturak— ukatu egin dute istiluetan parte hartu izana, ez dute euren burua ezagutu iazko martxoaren 11n hartutako argazkietan eta bideoetan, eta azaldu dute istiluak hasi zirenean handik alde egin zutela. Laugarrenak, Julen Pradok, onartu du harri bat bota izana, baina ukatu du «terrorismo ekintzarik» egin zuenik.

Iazko martxoaren 11n manifestazioa egin zuten Iruñean, Errepresioari Autodefentsa dinamikak antolatuta, eta han liskarrak egon ziren polizien eta manifestarien artean. Manifestazioa bukatutakoan, kaleko jantzitako poliziek zenbait gazte atxilotu, eta liskarretan parte hartzea leporatzeaz gain, «terrorismoarekin» lotutako delitua egotzi zieten. Haietatik hiru —Petrirena, Iglesias eta Etura— zortzi hilabetez egon ziren preso Iruñeko espetxean. Epaitzen ari diren lau gazteez gain beste zazpi ere auzipeturik daude, baina, adingabeak izaki, Auzitegi Nazionaleko Adingabeen Epaitegiak ebatziko du haien inguruan.

Epaiketaren lehenengo saioan akusatuek deklaratu dute, eta defentsa abokatuen zein fiskalaren galderei erantzun diete. Petrirenak, Iglesiasek eta Eturak azaldu dute Iruñeko manifestaziora joan zirela Errenteriatik (Gipuzkoa) antolatutako autobus batean, eta haien asmoa zela atxilotutako beste gazte batzuk aska zitzatela eskatzea. Esan dutenez, Guardia Zibilak gelditu zuen autobusa Iruñerako bidean, goitik behera miatu zuten, eta manifestazioan erabili beharreko pankarta ikusi zuten, baina ez zieten ezer konfiskatu, eta aurrera egiten utzi zieten.

Manifestazioan zeudela, istiluak hasi zirenean, handik joan eta Alde Zaharrean babestu ziren, esan dutenez. Ukatu dute manifestazioak iraun bitartean ETAren aldeko oihuak bota izana. Gero, autobusa zain zuten plazara jo zuten, Errenteriara itzultzeko asmoz. Han, kaleko jantzitako polizia batzuk hurbildu zitzaizkien, eta haietako batek zer ordu zen galdetu zien. Orduan, gainerakoak oldartu egin zitzaizkien; orduantxe jakin zuten hurbildu zitzaizkienak poliziak zirela eta atxiloturik zeudela.

Laugarren gaztea, Julen Prado, Beasaingoa da (Gipuzkoa), eta, esan duenez, arratsalde hartan Iruñera joan zen lagun batekin geratuta zegoelako. Autoz joan zen haraino, eta aparkatu ostean oinez zihoala, manifestazioarekin topo egin zuen, eta harekin bat egitea erabaki zuen, oraindik goiz zelako. Pradorekin hitzordua zuen lagunak ere deklaratu du, lekuko gisa, eta gaztearen bertsioa berretsi du.

Pradok esan du berak ere ihes egin zuela istiluak hasi zirenean. Onartu du harri bat hartu zuela, baina esan du «inertziaz» izan zela, eta ondoko kale batean bota zuela. Ukatu egin du inongo «terrorismo ekintzatan» parte hartu zuela.

Lau gazteek ez ezik, operatiboan parte hartutako poliziek ere deklaratu dute, eta esan dute «harri zaparrada»bat jaso zutela istiluek iraun zuten bitartean,eta gomazko pilotak bota zituztela «herritarrak babesteko». Atestatua egin zuten poliziek han idatzi zutenari eutsi diote deklarazioan.

Epaiketa bihar geratuko da epaiaren zain, defentsen eta fiskaltzaren txostenak azaldu ostean. Jose Perals fiskalak Altsasuko auziko epaiketan ere bera izan zen fiskala— zazpi urteko espetxe zigorra eskatzen du auzipetu bakoitzarentzat «desordena publiko terroristak» delituagatik, eta, horretaz gain, beste bost urtez zainpeko askatasunean egotea eta 30.000 euro baino gehiagoko isuna, kalte-ordainak direla eta.

Auziak badu paralelismorik Altsasuko auziarekin. Hemen ere, Nafarroako auzitegiek, 4. Instrukzio Epaitegiak hasieran eta Probintzia Auzitegiak geroago, ebatzi zuten delituak «larriak izan arren» ezin zitezkeela terrorismotzat jo, baina Auzitegi Nazionaleko epaile Carmen Lamela —Altsasuko auziko instrukzio fasea ere hark eraman zuen— ez zen iritzi berekoa izan, eta, azkenean, Auzitegi Nazionalaren esku gelditu da epaiketa.

AEMren salaketa

AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak esan du «gezurra» dela auzi honetan Poliziak plazaratu duen «bertsio ofiziala», eta «era guztietako manipulazioak» erabili dituztela gazteak eta Errepresioari Autodefentsa izeneko dinamika «epaitu eta zigortzeko».

Adibidez, Poliziak AEMko kide izatea leporatu die epaitutako gazteei. AEMk gezurtatu du hori: «Espainiako Poliziari ez diogu inolako azalpenik zor, baina gure militanteen jarduera politikoa publikoa da, eta gazte hauek ez daude jarduera horien bultzatzaileen artean», azaldu dute. Era berean, iazko martxoaren 11ko manifestazioa AEMk antolatu izana ere ukatu dute.

Edozein modutan, AEMk argi utzi nahi izan du «zilegitzat» jotzen duela «errepresioari aurre egitea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.