Iruñeko seinaleetan euskarak tokia izan dezan mozio bat onartu du udalak
Hiriko hizkuntza paisaia izan dadila euskararen paisaia ere. Horixe eskatzen duen mozio bat onartu zuen Iruñeko Udalak atzo, NaBairen, Bilduren, Ezkerraren eta PSNren aldeko botoekin. UPNk eta PPNk, berriz, kontra bozkatu zuten. Ekimena Iruñeko Euskalgintzaren Bilgunearena izan da. Bertan bat egiten dute AEK-k, IKAk, EHEk, Nafarroako Ikastolen Elkarteak, eta Administrazioan Euskaraz eta Sortzen-Ikasbatuaz taldeek. Erakundeok Iruñeko hizkuntza paisaiaren diagnosia egin zuten 2009-2010eko ikasturtean, eta emaitzek agerian utzi zuten paisaia horretan euskal hiztunak baztertuta daudela. Horren harira, Iruñeko Euskalgintzaren Bilguneak sinadura bilketa hasi zuen, aldaketa eskatzeko. Bilkura egin bitartean, elkarretaratzea egin zuten euskalgintzako kideek, Udaletxeko plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu