Eraso sexistarik gabe, Iruñea aske kanpaina aurkeztu du, gaur, Iruñeko Udalak. Sexu erasoen aurka, "ekintza koordinatuen aldeko apustua" egin dute Berdintasun eta LGTBI saileko zinegotzi Laura Berrok; Herritarren Segurtasuna eta Elkarbizitza saileko zinegotzi Itziar Gomezek; Gizarte Ekintzako zinegotzi Edurne Eginok eta Herritarren Partaidetza eta Gizartea Ahalduntzea saileko zuzendari Ana Gilek.
Azaldu dutenez, mugimendu feministaren eta Iruñeko Udalaren arteko elkarlanaz sortutako Sanferminak Berdintasunean taldearen lorpenetako bat da kanpaina hau. Aurtengo iragarkian, emakumeek sanferminetan duten presentzia ikusarazi nahi dute kanpainaren arduradunek. Aurreko urteetan arrakasta handia lortuagatik ere, "inpaktu" handiagoa bilatzen dute aurtengo bideoarekin:
[Youtube]https://www.youtube.com/watch?v=Un_uD2Fu5c8[/YouTube]
Horrez gain, komunikazio ez-sexista eta praktika onak saritzeko xedez, Sanferminetako Kazetaritza Praktika Onen I. Lehiaketa antolatuko dute. Saria emanen diete berdintasuna sustatzen duten profesional bati eta hedabide bati.
Urtero bezala, informazio gunea paratuko dute Gazteluko plazan. Uztailaren 5ean, 12:30etik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Eta, sanferminetan, 12:30etik 15:00etara eta 18:30etik 00:00etara.
Laguntza soziala, arreta sanitarioa eta psikologikoa, laguntza judiziala eta poliziala eskainiko diete erasoa sufritu duten emakumeei eta euren senideei. Hamar teknikarik eskainiko dute zerbitzua. Goizez, Biktimen Arretarako Gunean, eta eguneko 24 orduetan, 112 telefonoan.
Irudiari dagokionez, aurten ere esku gorria erabiliko dute afixa, txapa eta eskuorrietan. 26.000 pin ere banatuko dituzte. Kanpaina osoa euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez diseinatu dute.