Sexu erasoaren salaketa eta hura eragotzi izanaren aitortza batu zituzten atzo iluntzean Irunen (Gipuzkoa), asteburuan izandako sexu eraso saio baten kontra egindako protestan. Emakume bat bortxatzen ahalegindu zen gizon bat igande goizaldean kalean; inguruko bizilagun batek aurre egin zion, andrearen oihuak entzun eta kalera jaitsita. Atxilotu egin zuten gizona. Herriko hainbat elkartek deituta, sexu erasoa salatu zuten atzo, eta erasotzaileari aurre egin zion andrearen jarrera nabarmendu: «Emakumeen arteko elkartasunaren eta autodefentsaren adierazgarri izan da, erantzunaren adibide positibo bat».
Lantokitik etxera zihoala oldartu zitzaion erasotzailea emakumeari. Lurrera bota zuen, etaherrestan eraman. Buruan hainbat kolpe eman zizkion, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak azaldu duenez. Laguntza eskatzen hasi zen emakumea, eta gizonak lepoa estutu zion. Ordurako, ordea, bizilagunek entzunak zituzten oihuak. Gizonak inguru hartatik arrastaka eraman nahi izan zuen andrea; jo egin zuen, eta bortxatzen saiatu zen. Bizilagunetako bat kalera jaitsi zen, eta aurre egin zion erasotzaileari, aterki batekin jota. Beste auzotar batzuek Poliziari eman zioten abisu. Ezkutatu egin zen gizona, baina atxilotu egin zuten.
Irunen gisa horretako erasoak lehenago ere gertatu direla nabarmendu zuten atzoko protestan. «Ez dira kasu bakanak. Botere harremanetan oinarritutako sistemaren errua da». Hemezortzi taldek egin zuten deia, eta dozenaka herritarrek egin zuten protesta.
Eraso gehiago ere izan dira asteburuan. Donostian, Loiola auzoan, bikotekide ohiari tiro egin zion gizon batek, eta ertzain bat ere zauritu zuen. Larunbat goizaldean gertatu zen. Auzokoek protesta egin zuten atzo. Halako erasoetan «galtzeko arrisku handiena» andreek dutela salatu zuten auzo elkarteak eta Donostiako Bilgune Feministak. «Arreta berezia jarri behar da gertuen izan ditzakegun indarkeria sexista kasuetan, eta salatu behar ditugu».
Erasoan zauritutako ertzainak Donostiako Ospitalean jarraitzen du; ez dago hiltzeko arriskuan. Andreak senda-agiria jaso du ja. Tiroak egin zituen gizona, berriz, espetxeratu egin zuten atzo.
Irungo bortxaketa ahalegina salatu dute protesta batean
Andre bat bortxatzen saiatu zen gizon bat, eta beste emakume batek aurre egin zion; haren jarrera goraipatu dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu