Semeak ama kolpatu zuen, hil arte. 2010eko otsailaren 19an gertatu zen, Lasarte-Orian (Gipuzkoa), 14:00ak aldera. Bizilagunek ikusi zuten zer gertatzen ari zen, eta haiek eman zuten abisua. Ertzainek etxe inguruan aurkitu zuten gaztea, kalean, amaren hilotzaren ondoan. Emakumeak 48 urte zituen, eta Isabel Velez Romero deitzen zen. Semeak 23 urte zituen. Anbulantziak iritsi zirenerako hila zen emakumea.
Ikusi gehiago
Velez espainiarra zen sortzez, baina umetan etorri zen Badajoztik Euskal Herrira. Berak bakarrik eduki eta hazi zuen semea. Gero beste harreman bat izan zuen gizon batekin, eta beste ume bat eduki zuen harekin. Hil zutenean, 13 urte zituen mutil horrek, baina ez zen amarekin bizi. Gizarte zerbitzuek laguntzen zuten Velez, eta ebatzi zuten emakumeak ezin zuela umearen kargu egin, eta harreran utzia zuen. Lan bila ari zen emakumea, berriro seme gaztearen kargu egin ahal izateko. Babes ofizialeko etxe batean bizi zen, Zelaialden.
Seme zaharrenak eskizofrenia zuen, eta amarekin arazo asko edukitzen zituen. Adingabea zela, amarengandik urruntzeko agindu judizial bat ere ezarri zioten. Zentro psikiatrikoetan pasatzen zuen denbora asko, baina tarteka amarengana itzultzen zen. Otsailaren 19ko egun hartan, baimen bat eduki zuen gazteak, eta amaren etxera joan zen egun hartan ere. Iskanbila handia sortu zen etxean, bizilagunek azaldu zutenez. Semeak hainbat objekturekin kolpatu zuen ama.
Ertzainek kalean atzeman zuten gaztea, eta atxilotu egin zuten. Historial medikoa ezagututa, Donostiako ospitale psikiatrikora eraman zuten.
Epaiketa 2012ko uztailean egin zuten, urtebete eta erdi geroago. Zinpeko epaimahaiak hilketaren erantzule egin zuen semea, aho batez. Baina zer buruko gaitz zuen aintzat hartuta, fiskalak eskatu zuen gaztea zentro psikiatriko batean sartzeko, kartzelara eraman beharrean. Hogei urtez halako zentro batean itxita edukitzeko agindu zuen epaileak.