Isileko irakaspenak bost urteko bidean

Bost urteko bide isilaren ondorioa izan da biktimen adierazpena. Bide zaila izan da, baina irakaspena atera dute: bata bestearen lekuan jarri, eta mina aitortzen.

Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2012ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Indarkeria amaitu gabe zela, «garai gogorretan», hasi zuten ibilbidea Glecree ekimenean parte hartu duten biktimek. Eusko Jaurlaritzak biktimei kasu egiteko duen bulegoa hasi zen mugimenduak egiten 2007an, era horretako bilkurak egiten hastea posible ote zen ikusteko. Hamar lagun batu ziren hasieran; gehiago bildu dira atzetik, arrakastaren erakusgarri. Erabateko isiltasunarekin egin dute bost urteko bidea eta adostu dute amaierako agiria. Irakaspen pertsonala atera dute, ordea, horren gainetik: biktimak batean eta bestean daudela, sufrimendua guztiena dela.

Irlandan hasi zuten ibilbidea, 2007ko abenduan. «Bizi genuen indarkeria giroa eta polariazioa zela eta, Euskaditik kanpora joatea erabaki genuen geure buruez hitz egiten hasteko». Laburpen bat egin dute bizi izandakoari buruz, eta han eman dituzte xehetasunak. Glencree herrian jarri zuten topalekua, bakerako zentro batean. Jaurlaritzak deia onartu ondoren joan ziren. «Ez zen erraza izan; tentsioa sumatzen zen», aitortu dute. «Sufrimenduaz hitz egitea mingarria da, eta ezezagunen aurrean hitz egiteak beldurra areagotzen du». Bi batean egin behar izan zituzten: hitz egin eta entzun. «Prozesu zaila da hori. Zure minaz hitz egitea eta besteetan entzutea. Konparaziorik egin gabe; errespetuz». Ekimena uztekotan ere izan ziren zenbaitetan. «Esaldi oso gogorrak entzun ziren, eta une oso latzak bizi izan genituen. Dena bertan behera utzi eta alde egiteko gogoa izan zuen hainbatek».

«Denak berdinak»

Kontakizun antzekoa zen guztiena, sufrimenduzko historia. «Eta une horretan denok berdinak ginela sentitzen hasten ginen. Ongi ezagutzen genuen besteek kontatzen zuten hori. Besteen larruan jartzen zara horrelakoetan». Elkar ezagutzen jarraitu zuten, eta konfiantza areagotzen, eta uste okerrak atzera uzten. «Estereotipoez jabetzen hasi ginen», diote.

Indarra hartuz joan zen ekimena, eta Irlandatik Espainiara joan ziren, Palentziako herri batera. Ondorioak xehatzen ere joan ziren hizketaldi horietatik: aitortza oraindik ez dutela jaso guztiek, eta egin beharko dela biktima guztien aldeko ekimenen bat. Beldurrak ere bazeuden: nola plazaratu. Egoera politikoa hobetu denean plazaratu dute ekimena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.