Erabat argitu gabe jarraitzen du Bilboko Abusu auzoan abuztuaren 8an auto batek harrapatuta hildako emakumearen kasuak. Haren senar ohiak oso larri segitzen du Gurutzetako ospitalean (Barakaldo, Bizkaian), asteartean bere buruaz beste egiten saiatu ondoren. Era berean, hilketarekin zerikusia izan dezakeelakoan herenegun atxilotutako gizonak polizia etxean igaro zuen atzoko eguna, eta gaur da epailearen aurrean deklaratzekoa. Atzokoa ere gaitzespen eguna izan zen, ordea: erakunde publikoek deituta, Leire Rodriguezen hilketa arbuiatu zuten hainbat herritar eta eragilek Abusun, ordu laurdeneko bilkura isilean. Gaur, mugimendu feminista irtengo da kalera.
Erakunde publikoetako zenbait ordezkari izan ziren Abusuko kultur etxearen atarian egindako protestan; tartean, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Heredia eta Julia Hernandez Euskal Autonomia Erkidegoko jarduneko arartekoa. Horrez gain, Bilboko eta Arrigorriagako udaletako ordezkariak ere egon ziren; tartean zeuden Juan Maria Aburto eta Asier Albizua alkateak.
Beltran de Heredia sailburuak azaldu zuen «zantzuen» arabera genero indarkeria kasutzat jo daitekeela Leire Rodriguezen hilketa. Gogoratu zuen, gainera, «isilpean» dagoela ikerketa. Hori dela eta, denbora galdegin zuen emaitzak lortzeko. Abuztuaren 8ko goizaldean topatu zuten Leire Rodriguezen gorpua, Abusuko errepide batean: auto batek harrapatu zuela eta gidariak ihes egin zuela zabaldu zen. Azken egunotako jazoerek, ordea, indarkeria matxistaren hipotesia indartu dute: asteartean Erandioko ertzain etxera joatera deituta zegoen biktimaren senar ohia, abokatuarekin, bere autoa azter zezaten, baina ez zen azaldu; geroxeago, Bilboko Ollargan auzoko trenbidean aurkitu zuten, bere buruaz beste egiten saiatu ostean. Oso larri jarraitzen zuen atzo arrastian. Beste gizonaren atxiloketak, berriz, zalantza gehiago eragin ditu, ez dagoelako argi emakumea autoak harrapatu aurretik edo ondoren zendu zen.
34 urte zituen Leire Rodriguezek, eta bi umeren ama zen. Indarkeria matxistaren ondorioz aurten Euskal Herrian hildako bigarren andrazkoa da. Ildo horretan, «ardura» galdegin zuen atzo Landaidak berriro ere, eta gogora ekarri zuen emakumeen aurkako indarkeria gizartean «existitzen den desberdintasunaren adierazpen basatiena» dela.
Landaidak erantsi zuen, halaber, erakundeena dela arazo hori konpontzeko «erantzukizuna», baina gizarte osoaren «inplikazio eta konpromisoa» ere beharrezkoa dela. Aburto alkateak, ordea, «berdintasunaren eta zuzentasunaren» aldeko deia egin zuen, hortik abiatuta gizartea «eraiki» ahal izango delakoan.
Prebentzio planik ez
Bestalde, Ertzaintzako Erne sindikatuak salatu du Poliziak ez duela genero indarkeriaren kontrako prebentzio planik. Azaldu duenez, «nabarmen» hazten ari dira genero indarkeria salaketak, eta, hori ikusita, Ertzaintzak «ez du aurrea hartzeko planik». Sindikatuekin biltzeko eskatu die Ernek Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari eta Beltran de Heredia sailburuari.
Isilpean gaitzetsi dute hilketa
Atxilotuta jarraitzen du herenegun Leire Rodriguezen hilketarekin lotuta atzemandako gizonak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu