Isilpean saldu altxorra

Les Beabetins auzotar elkarteak auzitan ezarri du Baiona Ttipiko San Andresko zinema zaharraren salmenta. Nexity etxegintza sustatzaileari saldu eraikinaren suntsitzea geldiarazi du, momentukoz. Zinema eta ikuskizun gela hori zaharberritzea nahi luke, arterako gune partekatua bilaka dadin.

San Andresko gurutzatuen zinema zaharra, gaur egun, oholtzatik ikusita. Behereko gelari balkoikoa gehituz, hirurehun jarlekukoa zen. BERNARD JOURDAIN
Iñaki Etxeleku.
2019ko abenduaren 16a
12:26
Entzun

Les Beabetins Baiona Ttipiko auzotar elkarteak auzitara jauki zuen auzo historikoko zinema gela zaharra erosi duen Nexity etxebizitza sustatzailea, gunea aurtikitzetik begiratzeko. Auzia asteartean iragatekoa zen, baina Nexityk gibelatzea galdegin du.

Yannick Renaud auzotarrak du deskubritu San Andresko gurutzatuen patronatuak saldu egoitzarekin gertatzen ari zena, eta bazterrak harrotu, ez zedin barreiatua izan. Renaud Baiona Ttipian bizi da 22 urte hauetan. Bigarren eskuko liburu denda bat du Marengo karrikan, delako zinema zaharraren eraikinaren gibelean. Arte ederretan, historian eta ondare arkitekturan berezitua da, hain zuzen. Auzoan, nehork kasik ez zuen ukan herriko etxeak onartu zuen salmenta horren berri. Suntsitzeko baimena emana dio udalak eraikitzaileari, bere 22 etxebizitzako egitasmoa aitzina eramateko. Etxegintza sustatzaile hori Edouard Denis da, Nexity talde gotorrak erosi zuena 2016an. Ahantzia eta kukutua zen art déco arkitekturako zinema eta ikuskizun gelaren ikusteko eta gertatu tratuaren zulatzeko inkesta eraman du liburuzainak.

San Andresko gurutzatuen patronatuak eginarazi zuen zinema gela, 1936an. Renaudek artxiboetan ikusi du herritarren eskaera izan zela. «1936an jendeak eskatu zuen gela bat da, parrokiako orduko Goienetxe apaizak bururaino eraman zuena. Jean Zayren garaia zen, Fronte Popularraren errepublika garailea bazen alde batetik, eta, beste aldetik, eliza iratzartzen ari zen ulertuz mundua aldatuz zihoala, eta komunikabideak ere bai. Beraz, erabaki zuten San Andresko gurutzatuen patronatuaren bidez parrokiari eraikin moderno baten egitea eskatzea, ikuskizunak, hitzaldiak eta zinema errezibitzeko». Auzotarren abusatzeko lekua bilakatu zen berehala. «San Andresko patronatuaren berezitasuna gimnastika zen. Beraz, gimnastika emanaldiak antolatzen zituzten San Andresko gimnastikariekin, baita itzulian ziren gimnastikari ezagunagoekin ere. Igande arratsaldeetan joaten zen jendea ikuskizun horien ikustera, edo antzerki bat, kantaldi bat. Bihotz Sakratuaren eskolako haurren urteko emanaldia hor egiten zuten ere». Jende multzo ederra ohatzen zen gelan. «Hirurehun jarleku bazituen. Ez zen gela ttipia. Gaur egun, 250 bat sartuko genituzke». 1970eko hamarkadaren bukaera arte baliatua izan den gelan euskal antzerkiak ere emanak izan ziren, eta Aberri Egun baten prestakuntza lanak ere aterpetu zituela oroit dira batzuk.

Errautsek kilikatu sudurra

Garai ezberdinetako arkitekturen zale da Renaud, eta bereziki maite du XX. mendearen hastapenean garatu zen art déco moldea. «Pertsonalki, maite ditut Baionako ondare eraikinak: XVII. mendea, XVIII. mendea, eta bereziki art déco ongi ezagutzen dudana. Suerte hori badugu, garai horretako ondare biziki aberatsa baita inguru hauetan. Baionako herriko etxeak agerian ematen du argiki». Bi gerlen artean, dirudunek gustukoa zuten art déco estetika garatu zen, eta eraikuntza berriak sortu ziren itsasalde guzian. «Bereziki Bigarren Inperioaren ondotik, Euskal Herriko itsasaldea jada gogoko zuten oporlekua zen jende aberatsentzat. Lehen Mundu Gerlaren biharamunean, estetika berria agertu zen. Belle société horrek ez zuen gehiago gustuko aitzinekoa. Estetika berri hori anitz ikusten da Mediterraneoko eta Ekialde Hurbileko Frantziaren kolonietan».

Beti, parrokiako egoitza bat saldua izan zela jakin bazuen ere, eraikin azpian gordea zen altxorra ez zuen ezagutzen. «Jakin nuen saldua izan zela berriki. Banekien etxegintza operazio bat zegoela Bihotz Sakratuko eskola ohian, eta nahi nuen ikusi barne hori». Kereta pasaturik, ohartu zen bazela delako foyer-aren gaineko aldean bolumen handiko beste barne bat, ahanzturara utzia zena. Ez zen barneraino sartu ahal izan, etxe barreiatzaile enpresa bat agertu zen arte. «Sekulako errautsa egin zuten; legea ez zuten bete, eta joan nintzen langileekin mintzatzera. Herriko etxea deitu nuen, eta zerbitzu arduradunak legea oroitarazi zion enpresaburuari». Biharamunean, barnea ikustea erdietsi zuen. «Lehenbiziko gune lau bat ikusi dut, 200 metrokoa, Patxa plazari jarraikitzen zaiona. Puntara heldu eta burua itzultzen dut, eta eremu handi hori ikusten: gelako oholtza. Aitortzen dut zarrasta bat sentitu dudala hor. Etsitzeko zarrasta. Egin dut: 'Badugu hor gauza harrigarri bat, eta gutaz trufatzen dira'».

Berehala joan zen udalak eraikitzaileari onartu zion baimen agiriaren ikustera, harritua baitzen Frantziako Eraikinen Arkitektoek (ABF) utzi baitzuten halakoaren egitera. «ABFk erran du ez zela oroit gela hori ikusirik, sailkatu baitzituen bakarrik sartzeko burdin kereta eta bi lauza. Ontsalaz, herriko etxeak txosten xehe-xehe bat eskatu behar zuen. Horretan da auzapeza faltsutzaile jokoan ari, erraten baitu ez zela seinalatua izan. Ekimen boterea badu, eta erne den nornahik egin zezakeen. Eta ez da egia, dioen bezala, eroria dela eraikina».

'Art déco'-aren ezaugarriak

Zinema gelako ikusle jarlekuak 80 metro karratuko foyer-aren gaineko aldean dira. Behereko jarlekuak, ordokian, eta balkoi bat zurezko ehun bat jargirekin. «Bolumen handi hori da lehenik art déco gisakoa, guziz. Eraikin biziki azkarra da, 1930eko hamarkadako betoi armatuz egina». Art déco ezaugarri begi-bistakoak ditu gelak apainduretan: «Sartzeko aitzinaldea estilo horretan landua da. Eskailera etxeak burdin artelan biziki ederra dauka. Gelan berean, lau pareta-argitako bi serie badira, eta, gain-gainean, berrehun anpoilako lokia. Friso kubiko sinple biziki ederrak badira; taulagain aitzinaldean, moldadura arras ederrak. Azkenik, San Andresko gurutzatuen armarria duzu, batere andeatu ez dena». Dioenez, ez ziren ahal gutirekin egin, erabili ziren tinduek adierazten dutenaren arabera.

Bihotz-erdiragarri zaio, hots, hiriak hain aise utz dezan eskapatzera halako lekua. Ez du sinesten ABFk dioena. Funtsean, bizitegiak egingai dituen enpresak manatu ikerketa etxeko langile batek oharra bidali die Les Beabetins taldekoei. «Fermuki gaitzitu da entzun duelarik ABF ez zela oroit antzoki hori bazenik». Jendearen ahanztura hori zaio ondare zaleari egoitzak pairatzen duen drama. «Ahanztura baliatu dute, zinez. Ez baita ageri kanpotik, eta debekatua baita sartzea, ezagutu dutenek berek ahantzia zuten. Hau du zorigaitza gune horrek».

Hogeita bi bizitegi egin nahi ditu, beraz, Nexityko Edouard Denisek, San Andresko gurutzatuek saldu egoitzaren ordez. «Nexity geldi-geldia eraikitzen ari da hemen gaindi. Diru egileak dira. Edouard Denis ondare eraikinetan da gehienbat ari, Pinel legea erabiliz. Gibeleko bezeroak zergen ttipitzeko ari dira. Ongi informaturik, beren dirua plazatzeko». Ipar Euskal Herrian orokortua den jokamoldea, alo.

Damugarri zaio Renaudi, auzapezak eta udalak deus ez baitute egin gunearen begiratzeko. «Harritzekoa da, ez baitu aztertu ere egin bere baitarik edo beste norbaiten bidez gune horren berriz erostea. Parisko inbertsiogile bat etorri zait dirua proposatuz, proiektu orokor bat egiteko hor, hotel batekin eta aloka zitekeen ikuskizun gela batekin. Erran nahi du herriko etxeak ez duela bilatu ere egin beste aterabiderik». Eta ez zen dirua enegua, hiriak diruztatu beste egitasmoei so egiten bazaie. «Gai izan dira 2,5 milioi euro gehiagoren atzemateko Atalante zinema gela berriarentzat. Ez da dirua arazoa, berez. Baionako Herriko Etxearen politika ongi ezagutzen duzularik, zoritxarrez, badakizu debalde xahutu dirua merke dutela. Auzapezak berak aitortu dit bankuak borrokatzen zirela Baionako hiriari dirua prestatu nahiz. Saltzen eta erosten den gauza bat da dirua, gaur egun».

Zinema zaharreko proiektagailu gela zena. Bernard Jourdain

Gune partekatu bat

Les Beabetins taldekoei deitoragarria zaie salmenta isilpean egin dela. Alta, azpimarratu dute halako ikuskizun gela baten beharra badela auzotarrentzat, baita zabalago elkarte sarearentzat ere. «Komunitatean eraman proiektu bat nahi genuke, partekatuko litzatekeen gune bat. Iparraldeko Orkestrako bi lagun jin zaizkit erratera izari horretako gela baten beharra badutela. Euskal Museoak ez du gehiago hitzaldi gelarik. Gelaren goratasunari esker, bideo proiektagailu bat ezar daiteke, betekizun historikoa ukan dezan berriz». Beharretan diren elkarte eta artistentzat ere baliagarri dakusate. «Bihar, aski da elkarte edo egitura erdi publiko bati uztea kudeaketa. Ordutegi bat atxikiko luke, lehentasun batzuk emanez Orkestrari, Euskal Museoari, udalari, antzerki konpainia bati; eta eskaera eginen luketen beste elkarte batzuei gainerakoan».

Auzitan ezarri dute auzotarrek afera. Lehen-lehenik, zinema gelaren haustea berehala gelditzeko. «Helegiteari esker, gibelatu dugu suntsitzea. Badut esperantza, sei hilabeterendako, ez bada gehiago. Galdegiten dugu uxer batzuk izenda ditzaten, ondare arkitekturan gai liratekeen adituek lagundurik, kalitatezko azterketa bat egin dezaten eraikinaz». Baina Nexityk suntsitzeko eta gibeletik eraikitzeko baimenak ukanak dituenez, herritarrei zer gelditzen zaien galdegin zaiolarik, honela dio Renaudek: «Herritarren presioa ahal bezain indartsua izan behar da bizitegien eraikitzaileak gibel egin dezan. Badugu jada jendea prest dena gorputzez buru egiteko suntsitzeari».

Laster iragan behar litzatekeen helegitearen epaiketak argibide batzuk emanen ditu, hain segur, horretaratu aitzin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.