Palestinaren alde eta Israelek darabilen politikaren aurka azaldu dira Mewando Sarea eta ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK, EILAS, HIRU, EHNE, USO, CNT eta CGT sindikatuak. Euskal Herriko enpresei Israelekiko duten merkataritza loturak bertan behera uzteko eskatu diete. Herritarrei ere Israelgo Estatua ordezkatzen duten produktu eta kultur edota kirol ekitaldi guztiei «erabateko boikota» egin diezaietela eskatu diete.
Gobernuek eta nazioarteko erakundeek moralki eta politikoki jarrera arduratsua hartu behar dutela adierazi dute. Horretarako, hartu behar duten lehen neurria, harreman diplomatikoak haustea dela adierazi dute, «Israel nazioarteko zuzenbidea betetzera behartzeko». Era berean, Europako Batasunak Israelekiko duen Elkartze Akordioa bertan behera utzi beharko lukeela proposatu dute, baita «giza eskubideak behin eta berriro bortxatzeagatik dagozkion zigorrak ezarri» ere.
Nazio Batuetako Segurtasun Kontseiluak ere neurriak hartu behar dituela azaldu dute. Horrela, Kontseiluak Israel gaitzesten duen ebazpen bat plazaratu beharko lukeela adierazi dute. Ebazpen horrek, behin betiko su-etena exijitu behar du, haien ustez. Bestalde, beharrezkoa ikusten dute nazioarteko ad hoc Zigor Auzitegi bat sortzea, hau da, Israelgo Gobernuko kideak epaitzeko auzitegi zehatz sortzea.
Horrekin guztiarekin bat egiteko, Palestinaren aldeko plataformek eta mugimendu sozialek antolatutako elkarretaratzeetara joateko deia egiteaz gain, etzi izango den manifestazioan parte hartzera animatu dituzte herritarrak. Manifestazioa Bilbon izango da, Arriaga plazan, 18:00etan, Palestina askatu, boikot Israeli lelopean. Protestak Ezker Batuaren, Eusko Alkartasunaren, Ezker Abertzalearen eta Aralarren babesa du.
Elkarretaratzea, Bilbon
Palestinaren Elkartasunerako Bizkaiko Plataformak elkarretaratzera deitu du biharko. Ekitaldia 19:00etan izango da, Bilboko udaletxearen aurrean. Ekitaldi horrekin, Plataformak Israel Gazan egiten ari den «sarraski basatia» salatzen jarraitu eta Palestinaren askatasuna aldarrikatu nahi du.
Israelekin dituzten loturak eteteko eskatu diete enpresei
'Palestina askatu, boikot Israeli' lelopean, manifestazioa egingo da etzi Bilbon, Arriaga plazan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu