Atzo iluntzean Oiartzunen (Gipuzkoa) Heziberri = Euskal Lomce lelopean elkarretaratze bat izan zen udal liburutegiaren aurrean, Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea hango aretoan hitzaldi bat egitera zihoala, eta istiluak gertatu ziren. Bilkurako 70 kideek oihu artean hartu zituzten EAJko ordezkariak, eta ondoren eraikin barrutik lagun batzuk protestagileak grabatzen hasi ziren. Haiek eraikineko ateraino joan ziren, tentsioa areagotuz joan zen, eta Ertzaintzaren furgonetak azaldu ziren. Oarsoaldeko Ikasle Abertzaleen arabera, ertzainak "oldartu" eta hiru lagun identifikatu zituzten, 600na euroko isuna jasoko dutela adieraziz.
"Harrituta" agertu zen Ortuzar. “Hau ez zait sekula gertatu”, zioen hitzaldia hasi aurretik, liburutegian zela. Ezker abertzalea izan zuen hizpide. “Politika egin nahi du ezker abertzaleak, baina zailtasun handiak dauzka bere jendeak hori modu harmoniatsu batean onartzeko, orain ikusi dugun moduan. Askok ez dute onartzen haren aldaketa estrategikoa”.
Oarsoaldeko Ikasle Abertzaleek EAJren jarrera gaitzetsi dute. "Atzoko gertaeren aurrean EAJri adierazi nahi diogu beraien aurrean egoten jarraituko dugula eta ez gaituztela beldurtuko. Heziberri plana bertan behera utzi arte borrokan tinko jarraituko dugu".
(hitzaldiaren kronika, biharko BERRIAn)