Altsasuko auzia

Istiluak "izaera terroristarik" ez duela nabarmendu du Amaia Izkok

Abokatuaren arabera, ZIgor Kodeko 573 artikuluaren mugak behartu eta "terrorismo kontzepturen interpretazio hedagarria" egin behar da 2016ko urriaren 15eko gertaerak terrorismoarekin lotzeko

Kartzelan diren gazteetako bat dakarren furgonetan Auzitegi Nazionalean sartzen, iragan astean. J. DANAE / FOKU
joxerra senar
2018ko maiatzaren 3a
11:10
Entzun

San Fernando de Henaresko Auzitegi Nagusiaren egoitzan, gaur defentsaren txanda heldu da. Lehenik Amaia Izkok, Jokin Unamuno eta Ainara Urkijoren abokatuak, hitz egin du, eta gogora ekarri du terrorismo jihadistari aurre egiteko aldatu zutela Zigor Kodea PPk eta PSOEk, 2015ean. Altsasuko auzia testuinguru horretatik erabat kanpo dagoela nabarmendu du. "Estatuaren zutarrien aurka eraso egin duen egitura antolaturik ez dago".

Bere hitzaldian, Amaia Izkok bere egin ditu iragan urtean Nafarroako Lurralde Auzitegiak erabilitako argudioak, eta gaineratu du Auzitegi Gorenak berak ekainean ez zuela ebatzi delitu larria egon zela auzi honetan. Izkoren arabera, ZIgor Kodeko 573 artikulua "modu erabat irekian" soilik interpretatuz gero, jo daitezke terroristatzat gertaerok, "zigor araua zuri balego bezala". 

Gertaerak 573 artikuluarekin lotzeko akusazioak erabilitako argudioetako bat izan da, izua eragin zuela istiluak —arauak, baldintzen artean, aipatzen du "biztanlerian izu egoera" egon behar duela—. Izkoren arabera, kolpatutako guardia zibilek eta euren bikotekideek "beldurra edo izua sentitzeak ez du esan nahi biztanleria izutzea zela helburua".

Akusazioaren beste argudioa izan da Ospa mugimenduaren eta ETAren arteko lotura. Izkok azpimarratu du fiskaltzak ez duela salaketarik aurkeztu Osparen aurka. Guardia Zibilaren txostenak Ospa mugimendua Alde Hemendik kanpainaren baitan kokatu zuen, eta hori, era berean, ETAren estrategiaren baitan. Izkoren arabera, "frogarik gabeko adierazpanak" dira. "Mugimenduok ez dira terroristak eta Guardia Zibila, Espainiako Polizia edo Foruzaingoaren jarduerak salatzen dituzte, euren presentzia gehiegizkoa dela uste dutelako".

Abokatuak argudiatu du erasoa jasan zutenek euren kontakizuna "puztu" egin zutela. "Jipoi basatia izan zela diote, baina euren lesioak arinak dira, eta ez dira asko". "Ubeldurak, uzkurdurak, urratuak dituzte eta tenienteak orkatila hautsi zuen. Kanpoko edozein begiralek ez luke terrorismo kutsurik ikusiko", aipatu du.

Akusazioaren arabera, erasoa antolatua izan zen, baina Izkok ukatu egin du. Bere ustez, "ustekabeko liskarra" izan zen. Hori hala zela nabarmentzeko, gogora ekarri du guardia zibil tenientea eta bikotekidea maiz joaten zirela Koxkara, edo gau hartan bertan bi orduz egon zirela taberna hartan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.