Hamar urteren ondotik, historian laugarren aldiz irabazi du ACB liga Baskoniak. Arabako taldearen garaipenak zaleen poza piztu du Gasteizen, eta horietako hainbat atera dira bart arratsean taldearen garaipena ospatzera. Istiluak ere izan dira goizaldean, eta pertsona bat atxilotu dute eta bi ertzain zauritu dira.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, jende pilaketa handia izan da Alde Zaharrean, Aiztogileen kalean. 01:15 aldera, Udaltzaingoak Ertzaintzari laguntza eskatu dio kale horretan dauden tabernen inguruko jende pilaketak kontrolatzeko, ehunka zale segurtasun distantziak mantendu gabe eta maskararik jarri gabe ospatzen ari baitziren Baskoniaren garaipena.
Ertzainak tokira bertara iristean, herritarrek «edalontziak, aulkiak eta era guztietako objektuak» bota dizkiete, eta ertzainek inguruan zeuden herritarrak sakabanatu dituzte. Istiluetan, pertsona bat atxilotu dute, agenteei eraso egitea leporatuta, eta bi ertzainek kolpe arinak jaso dituzte. Horrez gain, zortzi pertsonari espedienteak ireki dizkiete, mozal legea-ren arabera, poliziak iraintzeagatik.
Ondotik, goizeko laurak aldera, istiluak izan dira San Anton plazan. Toki horretan dagoen diskoteka bateko jabeek bertaratzeko eskatu zioten Poliziari, ezin zutelako establezimenduaren edukiera kontrolatu.
Ospakizun ofizialik ez
Gorka Urtaran Gasteizko alkateak bere kezka adierazi du, gaur sare sozialetan zabalduriko mezu baten bidez: «Oso kezkatuta nago kaletik iristen diren irudiekin. Izango da ospakizun denborarik. Poz gau bat ez dadila tragedia eta sakrifizio aste bihurtu. Gure osasun langileek eta adinekoek ez dute merezi. Hiriak ere ez. Saihestu jende pilaketak. Zuhurtzia, mesedez», adierazi du alkateak.
Baskoniak ezin izango du zaleekin ospatu ACBren titulua. Koronabirusaren pandemiak markatutako normaltasun berriak kontaktua eta jende pilaketak baztertzen ditu. Istiluak eragozteko, Gasteizko Udalak jakinarazi du ez dela ospakizun ofizialik izango. Egungo egoeran jende pilaketak saihestu behar direla nabarmendu du Urtaranek: «Egungo egoeran zuhurtziaz jokatu behar da. Ezin da Gasteizko osasuna arriskuan jartzen duen ekintzarik antolatu», nabarmendu du.