Noiz sortua: 2020-07-01 00:30:00

Bartzelona 67-69 Kirolbet Baskonia

Berriz ere txapeldun

Baskoniak laugarren aldiz irabazi du ACB liga, Bartzelonari garaitu eta gero. Duela hamar lortu zuen aurrekoa
Xengelia Oriola gainditu nahian, atzoko finalean.
Xengelia Oriola gainditu nahian, atzoko finalean. MANUEL BRUQUE / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Manterola -

2020ko uztailak 1

Bartzelona. Hanga (3), Higgins (14), Claver (4), Mirotic (8), Tomic (2) —hasierako boskotea— Davies (4), Heurtel (21), Oriola (3), Abrines eta Kuric (8).

Kirolbet Baskonia. Henry (2), Vildoza (17),

Shields (9), Shengelia (14), Eric (2)—hasierako boskotea— Janning (8), Diop (10), Granger, Dragic (3) yeta Polonara (4).

Markagailua. 16-17, 39-33 (atsedenaldian); 51-51 eta 67-69.

Epaileak. Hierrezuelo, Conde eta Peruga. Kaleratuak bost falta egiteagatik:Bartzelonako Niko Mirotic.

Baskonia txapeldun da berriz ere. Hamar urteko lehortea busti zuen atzo, finalean Bartzelonari irabazi eta gero (67-69). Orduko hartan ere Kataluniako taldea eraman zuen aurretik, kanporaketan lehen hiru partidak irabaziz. Atzokoa lehia bakarrera zen, baina orduko hartan bezala, Dusko Ivanovic dago taldea zuzentzen.

Duela sei hilabete deitu zion Josean Kerejetak, arren itzultzeko, taldea alderrai eta galduta zebilelako. Erabat irauli du jokalarien konfiantza urte erdi honetan, eta garbi esan zuen zertara zihoan taldea Valentziako fase finalera: «Irabaztera goaz, zertara joango gara, bestela». Esan eta egin. Taldeak bat egin du Ivanovicen filosofiarekin, eta uztartze horrek goia jo du fase honetan.

Zerbait badu Baskoniak inoiz amore ez emateko gaitasuna da. Galdua zuen bereizgarri hori taldean da berriz, eta atzo ere, partidari heldu behar izan zion une askotan. Batez ere, bigarren laurdenean. Aurrenekoa 16-17 irabazten joan zen, bigarrenean, Bartzelonak atea itxi zion. Defentsan estutu zuen, eta ezinean zebilen Baskonia erasoan. Kataluniarrek, gainera, erasoan asmatzeari ekin zioten hiruko jaurtiketetan, eta bederatzi puntuko aldea ere izan zuten. Hor azaldu zen Ivanovicen, jokalarien eta klubaren izaera berezia, eta atsedenaldira seitik bakarrik joan zen galtzen (39-33).

Ez zeukan itxura onik finalak Baskoniarentzat, hala ere, aurkariak defentsako sendotasunari eustea nahikoa izango zela ematen baitzuen. Baina kanpoko jaurtiketak sartzen hasi zen, eta Luca Vildozak —finaleko jokalari onena izendatu zuten— sarturiko biri esker, gainera joan zitzaion Bartzelonari. Aurkariak baloiak galtzen segitzen zuen erasoan, eta gainera, erreboteetan nagusi zen Gasteizko taldea. Horrek aukera gehiago eman zizkion Baskoniari erasoan. Jaurtiketak egiteko aukera bazuen, sartzea falta zen, eta hirugarren laurdenean asmatu egin zuelako, eta Bartzelonak falta asko egin zituenez, jaurtiketa libre ugari izan zituelako, berdinduta bukatu zuten hirugarren laurdena (51-51).

Partidan sartua zen berriz ere Baskonia. Azken minutuak gerturatu ahala, bi taldeetako jokalarien nekea handituz joan zen, eta horrek zailtasunak areagotu zizkien eraginkortasuna lortzeko lanean. Jaurtiketa asko hutsegin zituzten azkenera biek. Baskonia aurrea hartuta zebilen markagailuan, eta lauzpabost puntuko koska handitzeko saiakerak egin zituen, hirukoen bidez. Baina hutsagatik ez ziren sartu, eta Bartzelonak, Oriolak sarturiko jaurtiketa libreekin, berdindu egin zuen.

Hamar segundo falta zirenean, 67na ipintzen zuen markagailuan, eta Baskoniak zeukan baloia. Jokaldia agindu zuen Ivanovicek, azaldu ere bai hutsartean, baina jokalariak pistan zirela, epaileetako batek aulkira bidali zuen Matt Janning, odola zuelako hatz batean. Achille Polonara atera zuen Ivanovicek. Zer den kasualitatea,magia edo kalitatea, baina Italiako hegal-pibotak eman zion oso pase zaila Vildozari, saskipean bikoa sartzeko. 67-69, eta hiru segundo falta ziren. Bartzelonak galduta zeukan Nikola Mirotic izarra, bost faltengatik, eta Corey Higginsek bota zuen hirukoa. Ez zuen sartu, eta inoizko ACB liga bereziena, COVID-19ak erabat baldintzatutakoa, Baskoniarena da.

Sufrimenduari, saria

Denboraldi gogor honetan jokalariek barruan pilatu duten amorru eta ezintasun guztia atera zuten ospakizunetan. Hainbat jokalariren lesioei aurre egin beharra, aspaldian ez bezala partida batzuetan sekulako jipoiak hartu beharra, eta ikusten ez diren beste hainbat komeria bizi beharra, Higginsek saskiratzea hutsegin zuenean poz handi batean bilakatu ziren. Ospatuko dute merezi duten bezala, baina pasako da hau ere, eta lanean segitu beharko du Baskoniak. Ivanovicekin, jakina.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Larrialdi zerbitzuek behin-behineko ospitale bat jarri dute Lleidan. ©Ramon Gabriel / Efe

Kataluniako Gobernuak konfinamendua ezarri die 200.000 herritarri

Berria

Lleidako eskualde batean koronabirusaren zortzi agerraldi detektatu dituzte. Eguerdian jarri dute indarrean.

Osasun langileak lanean, Gurutzetako ospitalean. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Auzitegi Nagusiak dio Osakidetzak ez zuela babes baliabide nahikoa

Ainhoa Larretxea Agirre - Irati Urdalleta Lete

Osakidetzak «ontzat» jo du ebazpena, «ez dituelako aintzat hartu sindikatuen eskaera gehienak». ESK sindikatuak jarri zuen salaketa, eta ekainaren 16an egin zuten epaiketa

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna