Lasai zirudiena erabat gaiztotu zen egun amaieran. Irungo (Gipuzkoa) San Martzialetako alardean ez zen iskanbilarik izan goizeko jardunean; iluntzean, ordea, istiluak sortu ziren. Lekukoek BERRIAri adierazi diotenez, gutxienez haur bat anbulantzian eraman behar izan zuten zaurituta, udaltzainekin eta Ertzaintzarekin sortutako iskanbilengatik.
Alarde parekidea irten zen lehenik arratsaldean, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak agindutakoari jarraiki. Ordubete geroago zen irtetekoa emakumeak kantineratarako soilik nahi dituena. Alarde tradizionalaren zain zeuden herritarren aurretik igaro behar izan zuen parekideak. Kale Nagusiaren parean, eta betiere lekukoen arabera, bide ertzean zeuden pertsona batzuk konpainien erdira sartu eta irainka hasi ziren. Liskarra sortu zen batzuen eta besteen artean.
Irungo Udaltzaingoa joan zen liskarra baretzeko asmoz. Ordea, alarde mistoko kideek adierazi dute haien kontra gogor ekin zutela udaltzainek, egoera baretu beharrean. Ertzaintzak ere esku hartu zuen, Udaltzaingoak eskatuta. Lekukoen arabera, pilota batzuk bota zituzten ertzainek. Irungo Udaltzaingoak baieztatu du zaurituak izan zirela.
Jendetza handia nahastu zen liskarretan, eta tentsio handia sortu zen. Lehen uneetako nahasmen handiaren artean, atxiloturen bat edo beste izan zitekeela zabaldu zen. Herrizaingo Sailak ez du baieztatu halakorik.
Goizean, bestela
Lekukoen arabera, ez da lehen aldia arratsaldean iskanbilak sortzen direna. Ordea, goizeko jarduna ikusita, egun lasaia behar zuela zirudien. Herrizaingo Sailak aginduta, 10:10ean abiatu zen alarde parekidea. 07:40an hasia zen soldadu gisa soilik gizonak onartzen dituena. Alarde mistoa abiatzerako, Ertzaintzak zorrotz zainduak zituen Urdanibia plazaren inguruak, zer gerta ere.
1.170 gizon-emakume -iaz baino 124 gehiago- atera ziren, Ainhoa Ruiz de Ardulo jeneralaren atzetik. Irungo alardean lehenbizikoz atera da emakumezko jenerala. Iaz komandante izan zen. Zaldi gainetik gustura hitz egin zuen Ruiz de Ardulok. «Aldaketa garrantzitsua da; bai niretzat, eta baita alardearentzat ere».
Udaletxe aurrean batu ziren bederatzi konpainiak. Zain zituzten agintariak. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako sailburu Gemma Zabaleta, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Rafaela Romero, EAEko ararteko Iñigo Lamarca, eta Emakundeko buru Maria Silvestre.
Herriko alkatea, Jose Antonio Santano (PSE-EE), falta zen agintarien artean. Aurreko urteetan bezala, alarde tradizionalari harrera egin zion, baina ez parekideari. Alarde mistoko kideek gogor salatu zuten alkatearen jarrera. Udaletxeko arkupe inguruan, alkatearen jarrera «lotsagarria» dela zioen Ainara Lopezek, beste behin Santanok uko egin diolako alarde mistoa hartzeari. Bat zetorren Urko Ikardo ere. «Mingarria eta lotsagarria da».
Arratsaldeko iskanbilenaurretik, goizean baikor agertu ziren Lopez eta Ikardo, jendetza handia atera zelako alardean, eta kalean txaloka ere asko aritu zirelako. «Hala ere, ez dugu normaltasun irudia eman nahi, alarde baztertzaile bat dagoen bitartean», adierazi zuen Ikardok.
Udaletxe aurreko plazan egin zuten eguneko ekitaldi nagusia, eskopeten sua. Aurrez, jeneralak ikuskatu zituen eskopetariak eta gainerako kideak. Jeneral postuan lehen aldia izanagatik, zaldia ongi asko menderatu zuen, eta ez zen beste urte batzuetako istripurik izan. Eskopetak gora jaso eta hiru aldiz egin zuten tiro.
Istiluak tradizio
Goiza istilurik gabe joan bada ere, iluntzean liskarrak izan dira Irunen, alarde mistoa kaleetan zela. Beste behin, alkateak ez dio harrerarik egin alarde mistoari. Tradizionala udaletxean hartu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu