Aste Santuko oporraldiko itzulera lasaia izan da Euskal Herriko errepideetan. Ia ez da auto ilararik sortu, eta jazotako istripuak arinak izan dira. Lehen mailako errepide sarean aipagarriena atzo arratsaldean jazotakoa da. A-8an, Zaldibar (Bizkaia) parean lau ibilgailuk elkarren aurka jo zuten, eta beste horrenbeste lagun arin zauritu ziren. Istripuaren ondorioz, bide bat itxi egin behar izan zuen Ertzaintzak, Bilborako noranzkoan. Hogei bat minutuko kontua izan zen, eta zirkulazioan ez zuen eraginik izan. Gainera, Herrizaingo Sailaren arabera, ordu horretan ez zebilelako zirkulazio handirik. Bigarrenmailako errepide sarean beste pare bat istripu arin jazo ziren, Legution eta Lantaronen (Araba).
Pazko astelehena jai eguna izan arren, batzuek igandean itzultzea erabaki zuten, eta atzo ez zen auto ilara nabarmenik sortu. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak BERRIAri adierazi dionez, azken urteetan hala gertatu izan da, eta aurten ere ez zuten aparteko konturik espero. Edonola ere, Ertzaintzak gertutik zaindu du ibilgailuen joan-etorria gauerdian oporretako itzulera bukatutzat eman duen arte. Osteguneko oporretako irteeranA-8ko bide itzulgarria jarri zuten martxan, Kantabriarako noranzkoan. Atzo ez, ordea, Herrizaingo Sailaren arabera, ez zelako horretarako beharrik sortu. Nafarroan ere ez zen aipatzeko moduko gertaerarik jazo.
Zirkulazioa motelen A-63an ibili zen tarteka, Lapurdin, Gipuzkoarako noranzkoan, Frantzia aldean oporrak igarotzetik zetozenek eraginda. Hala ere, azkar konpontzen ziren arazoak, eta arratsaldean lasai zebiltzan autoak. Atzokoa jai eguna zenez, kamioiek ezin izan zuten Gipuzkoatik Lapurdira igaro; gaur arreta berezia jarriko du Ertzaintzak Biriatuko ordainlekuan, kamioi asko pilatu daitezkeela aurreikusi dutelako. Hala, autoa hartzerakoan kontuan hartzeko eskatu dute.
Errepideetako kontrolak
Atzoko azken datuen faltan, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak ostegunetik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egindako alkoholemia eta droga kontroletan atxilotutakoen kopurua ezagutarazi du. Orotara, 22 gidarik eman dute positibo probetan: hamabik Gipuzkoan, zortzik Bizkaian eta bik Araban. Nafarroan, atzo, errepidean egindako kontrolen bidez hemeretzi salaketa jarri zituzten gehiegizko abiadura leporatuta.
Istripu arinekin baina arazo barik amaitu da oporraldia errepideetan
Gaur irekiko dute kamioientzat Lapurdi eta Gipuzkoa arteko muga, eta, ondorioz, ilarak sortzea espero da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu